@Maite_Ubiria

Mobilizazio berria deitu dute Hendaian biharko, zerbitzu publikoen defentsan

Ogasun bulegoa, lehenik, eta hondartzako posta bulegoa, ondoren. Herritarrengandik hurbilen diren zerbitzuen itxierak arrangura bizia eragin du hendaiarren artean. Hurbileko zerbitzuak atxikitzearen alde sorturiko kolektiboak mobilizazio berria eginen du, bihar, Herriko Etxearen aitzinean.

Hondartzako posta bulegoaren itxiera salatzeko ekimena. (Bob EDME)
Hondartzako posta bulegoaren itxiera salatzeko ekimena. (Bob EDME)

Maiatzaren Lehena kari sindikatuek eta eragile sozialek Ipar Euskal Herrian kalera aterako duten aldarrikapen nagusienetarikoa den zerbitzu publikoen defentsa bere gain hartuta, hurbileko zerbitzuak atxikitzearen alde sortu den kolektiboak asteazken honetan protesta egiteko deia luzatu du.

Hendaian merkatu eguna izanik, bihar berriro ere herritarrengana joko dute kolektiboko kideek hurbileko zerbitzuen desagerpenak izanen dituen ondorio txarraz ohartarazteko. Informazioa banatu ostean goizeko 11.00etan elkarretaratzea eginen dute Herriko Etxearen aitzinean.

Hartara, bere populazioa azkarki emendatu duen hirian bata bestearen atzean zerbitzuak desagertu direla salatuko du kolektiboak.

Kolektiboak gogora ekarri duenez, polizia-etxea Donibane Lohizunera eramana izan ondoren, Herriko Etxearen aurrean zegoen Ogasun bulegoak bere ateak itxi egin zituen eta horren ondotik Aubepines karrikan zegoen hondartza auzoko posta bulegoa desagertu egin zen.

Babesak

CGT eta Sud PTT 64 sindikatuek eta Hendaiako txaleko horien mugimenduak bultzatu dute dendarien elkartearen eta Alderdi Komunistaren babesa duen deialdia.