NAIZ

Lan Epaitegiak berretsi egin du Lakuak ez zuela bete Arabako esku-hartze sozialeko hitzarmena

ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek salatu dute Gasteizko Gobernuak ez zuela hitzarmen kolektiboa bete, eta, «ondorioz, langileen lan eskubideak urratu dituela».

Langileen elkarretaratzea Legebiltzarraren aurrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Langileen elkarretaratzea Legebiltzarraren aurrean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Gasteizko Lan Epaitegiak berretsi egin du Lakuak ez zuela bete Arabako esku-hartze sozialeko hitzarmen kolektiboa.

Ohar batean azaldu dutenaren arabera, Lan eta Justizia Sailak, 2018. urtean argitaratu zuen Bitartekaritza Judizialeko Zerbitzua lizitatzeko lehiaketa publikoa –gaur egun, Justizia Konpontzailearen Zerbitzua izenez ezagutzen dena–. «Plegu horietan lan-arautegia eta Arabako esku-hartze sozialaren hitzarmen kolektiboa urratuz, ez zen jaso zerbitzua bete ohi zuten pertsonen subrogazioa».

«Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako esku-hartze sozialeko hitzarmen kolektiboetako batzorde parekideek, hitzarmenaren urraketa larri hau antzemanda, Sailari jakinarazi zion gertakaria, eta espresuki eskatu zuten, zerbitzua betetzen ari ziren langileak enpresa esleipendun berak subrogatu zitzan», gaineratu dute sindikatuek.

Gogoratu dutenez, «martxoan, Lan eta Justizia sailburua den Maria Jesus San Jose Lopez andreak, maniobra iheskor eta arduragabe batean, zerbitzua ez zela berdina zioen eta ondorioz, jarduera berria ez zegokiola esku-hartze sozialaren hitzarmenaren eremu funtzionalari. Beraz, inolako klausulak ez zuela behartzen enpleguaren egonkortasuna edo zerbitzua betetzen duten langileen lan eskubideak bermatzera».

«Zerbitzu honetako langileak posta elektroniko batez jakinarazpena jaso ostean, abuztuaren 28an kaleratuak izan ziren. Aldi berea, zerbitzua utzi zuen enpresak, fiskaltzan salaketa jarri zuen zerbitzua ematean prebarikazioa egon delakoan. Sei hilabeteren buruan ikerketa hau itxi dute, behar adina frogarik ez zegoela argudiatuz», adierazi dute.

2019ko otsailean egin ziren zerbitzu honetan ziharduten langileen kaleratzeen epaiketak. «Hauen ebazpenean argi gertu zen zerbitzuari izena aldatu izanak ez zuela zerbitzuaren berezko aldaketarik suposatzen, eta ondorioz, kaleratzeak bidegabeak izan zirela ebatzi zuen. Horrela, enpresa esleipendunaren esku (IRSE Euskadi) geratzen da langileak berrartzearen nahiz kalteordainak ordaintzearen artean aukeratzea. Gauzak honela, enpresak kalte-ordainak kitatzea eta epaiari helegitea aurkeztea hautatu du; hori egiteko jadanik kalte-ordainen kopurua gordailutu duelarik, 132.000 bat mila euro. Momentu honetan dena Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain gelditu da».

«ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok berriro salatu nahi dugu zerbitzu publikoa pribatizatzeko eredua, baita haren ondorioak ere. Salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak ez duela Hitzarmen Kolektiboa bete, eta ondorioz, langileen lan eskubideak urratu dituela. Aldi berean guzti honek erakusten du Jaurlaritzak lotsagabekeriaz eta oinarri sendorik gabeko argudioak erabilita, lan araudia eta hitzarmen kolektibo bera ez dituela bete», nabarmendu dute.