Sektore zaurgarrienak izango ditu gogoan LABek Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan

Sektore desberdinak ordezkatuko lituzkeen bost zutabeetan antolatu behar zuten Iruñeko manifestazioa, baina Gobernu espainiarraren ordezkaritzak baimena ukatu die eta mobilizazio berrantolatu egin behar izan dute.

naiz|24/04/2019 14:15
Mai1lab
Maider Jauregi eta Imanol Karrera, gaur egindako prentsaurrekoan (Iñigo URIZ/FOKU)

«Sistemak gero eta tresna gehiago ditu bere eskura: mozal legea, ordenantzak... aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak molestatu egiten du»

«Sistema kapitalista eta heteropatriarkalak bizitza duin bat garatzeko eskubidea ukatzen digu. Horregatik, Maiatzaren Lehenean erakutsiko dugu kapitalaren aurrean bizitzaren aldeko apustua egiten dugula»

LABek Iruñean eta Baionan ospatuko du aurtengoan Maiatzaren Lehena, eta «Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi» lelopean, gazteak, pentsiodunak, lan gatazketan borrokan ari diren langileak, migranteak eta feministak gogoan izango ditu. «Borroka» nahiz «ospakizuna» egingo dutela iragarri dute gaur egindako prentsaurrekoan.

Hasiera batean, Iruñeko Gaztelu Plazan elkartuko ziren bost zutabe deitu zituen LABek: pentsiodunena, langile migranteena, gazteena, feministena eta lan gatazkak dituzten enpresatako beharginena. Baina Gobernu espainiarraren ordezkaritzak ez ditu onartu gazteen, feministen eta pentsiodunen zutabeak eta sindikalistek manifestazioa berrantolatu behar izan dute, Imanol Karrera bozeramaileak jakitera eman duenez.

Hala, Arrotxapea auzotik lan gatazkak dituzten enpresatako langileak aterako dira, Villava etorbidean feministekin bat egingo dute, eta aurrerago, Alemanesen, gazteekin. Navarreriatik langile migranteen zutabea abiatuko da, eta Estafeta kalean pentsiodunak batuko zaizkie. Mobilizazio nagusia 12.00etan izango da, Gaztelu plazatik abiatuta. Bertan hartuko du hitza Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak, eta bertan hasi eta amaituko da manifestazioa.

Gobernu espainiarrak hiru zutabe debekatzeak erakusten du, Karrerak zehaztu duenez, LABen planteamenduak «egungo sistema politikoa eta kapitala molestatzen dituela». «Sistemak gero eta tresna gehiago ditu bere eskura: mozal legea, ordenantzak... aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak molestatu egiten du. Borroka sindikalak molestatu egiten du», agertu du.

Kapitalaren aurrean, bizitza

Maiatzaren Leheneko helburuak, jakinarazi du, bi dira: «Gure klase-identitatea eta Maiatzaren Leheneko garrantzia, borroka eta mobilizazio egun baten gisara» bateko, eta besteko, «gazteen, pentsiodunen, langabezian dauden langileen, feministen, migranteen, etxeko langileen, borrokan dauden langileen eta prekarietatearen molde berriak pairatzen dituzten langileen» eskubideak defendatzea.

Maider Jauregi sindikatuko komunikazio arduradunak, bestalde, ohartarazi du aurtengo maiatzaren 1a «faxismoaren gorakadak eta kapitalismoaren etapa berri batek» markatuta datorrela: «Inboluzio antidemokratikoa bizi dugu, inboluzio hirukoitza. Batetik, inboluzio soziala, eskubide laboral eta sozialen galera dakarrena. Bigarrenik, inboluzio patriarkala, feminismoaren eta emakumeon eskubideen kontrako oldartze kontserbadorearekin eta hirugarrenik, inboluzio nazionala, birzentralizazioa eta errepresioa, nazio eskubideen kontra».

«Sistema kapitalista eta heteropatriarkalak bizitza duin eta aske bat garatzeko eskubidea ukatzen digu. Eta horregatik, Maiatzaren Lehenean, LABetik erakutsiko dugu Nafarroan, Euskal Herrian, kapitalaren aurrean bizitzaren aldeko apustua egiten dugula», esan du.

NOTICIAS RELACIONADAS