NAIZ
BILBO

Babes zabala izan du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 26. greba egunak

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk maiatzerako deitutako lehen greba egunak babes zabala jaso du langileen aldetik, sindikatuetatik azpimarratu dutenez. Beste behin arduraz jokatu eta langileen eskaerei erantzuten hasteko deia egin diete patronalari eta Hezkuntza Sailari.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazioa, Bilbon. (@ELAsindikatua)
Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazioa, Bilbon. (@ELAsindikatua)

Azken bi ikasturteotako 26. greba egunean –ikasturte honetako 23.a– 3.500 langile baino gehiago bildu dira Bilboko kaleetan eginiko manifestazioan, sindikatu deitzaileek jakinarazi dutenez.

Jasotako babesa «ikastetxeetan lan baldintzen okertzearen ondorioz bizi den nahigabe orokorraren erakusgarri» dela nabarmendu dute sindiaktuek. Lan hitzarmena berritu gabe hamar urte daramatzatela ere gogoratu dute.

Era berean, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek berretsi dute «egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko» helburua dutela eta, hain zuzen, bide horretan kokatu dituzte azken urteetan emandako pausoak, «bereziki azken hilabeteetakoak».

Kristau Eskola patronaleko iturriek %19an kokatu dute grebaren jarraipena. Arduradunek adierazi dute badagoela negoziatzeko borondatea, baina beraien eskumenetatik kanpo dauden aldarrikapenak planteatzea egotzi diete sindikatuei.