Autoitzulpenaren garrantziaz jardun dira Nazioarteko Literatura jardunaldian

Euskaltzaindiaren Nazioarteko Literatura jardunaldian idazleek beraien lanak autoitzultzeko erabiltzen dituzten arrazoiak izan dituzte gaur hizpide eta, bide batez, erabaki horrek ekar ditzakeen ondorioak aztertu dira. 

NAIZ|Bilbo|17/05/2019 17:35
20190517_euskaltzaindia1
Gaurko saioko irudia. (NAIZ)

Euskaltzaindiak Bilbon antolatu duen Nazioarteko Literaturari buruzko mintegiak bigarren eta azken eguna izan du gaur. Literaturari eta hizkuntzen arteko itzulpenari eskainitako jardunaldiak, Aurelia Arkotxa arduradunak bezperako aurkezpenekoan aipatu bezala, sortzaile eleaniztunaren tailerrean sartzea du helburu eta, hala, idazle jakin batzuen artxibo eta bibliotekak arakatu dira gaurkoan.

Max Hidalgok (Bartzelonako unibertsitatea) Haroldo de Campos poeta eta itzultzaile brasildarraren «saretzeko gaitasuna eta kultur bitartekaritzan egindako lana» nabarmendu ditu, baita goraipatu ere, XX. mendeko abangoardiako zenbait autore esanguratsurekin lortutako «elkarrizketa produktiboa».

Adibide hurbilagoetara etorrita, Lourdes Otaegik Xabier Lizardi poetaren eskuizkribuak izan ditu aztergai, «bere poesiaren genesiaz» dakartena azaltzearren, baina bereziki azterketa sakonagoa bilatuz: «intertestualitatea, ereduak, hizkuntza-hautuak eta ondorioak ebaluatzeko oinarri sendoak» direlako. Gutunetan, esaterako, «bere zorroztasunaren berri ematen digu Lizardik, perfekzionista amorratua zela», dio Otaegik. Halaber, «jakinarazten digu bere ibilbide politikoak noraino baldintzatu zuen bere garapen literarioa».

Aurelia Arkotxa, berriz, Juan Mari Lekuona euskaltzain eta poeta zenaz aritu da, «haren zirriborroen gaineko interes bereziz, elebidunak direlako», alegia, euskaraz eta gaztelaniaz idatziak. «Ahoz erraten zuen Juan Marik», dio Arkotxak, «poetari on egiten diola auto-itzultzeak, baina ez zuen publikazioari pentsatuz erraten, kreazioari osoki pentsatuz baizik».

Gidor Bilbao EHUko irakasle eta euskaltzain urgazleak atzerago egin du denbora-lerroan, eta Etxeberri Sarakoakoak itzulpengintzaz gogoeta egiteko idatzi zituen pasarteak xehatu ditu, besteak beste, «itzulpen-jarduera izendatzeko erabili zituen terminoak, bere sorburu- eta xede-hizkuntzak eta bere estrategiak» argitzeko.

Idazle «nazionala»

Ikerlari gazteei plaza berezia eman zaie jardunaldi honetan. Aritz Galarragak (Bartzelonako unibertsitatea) katalanera itzulitako euskal literaturari erreparatu dio, eta zehazki, korpus horrek euskal gatazka deritzon horren inguruan ematen duen irudiari. Ikertzailearen ustez, «Atxaga garrantzitsua da euskal literatura ulertzeko, bai eta katalanera itzulitako euskal literatura ulertzeko ere», batik bat «hark errefusatu izanagatik ere, idazle nazionalaren etiketa» jarri izan diotelako.

Bernardo Atxagari, euskal gatazkaz argi hitz egin ez izana leporatu izan zaiola gogoratu du ikertzaileak. Haren ustez, ordea, «arazoa ez da Atxagak eta, oro har, euskal literaturak, euskal gatazkari buruz hitz egin ez izana. Arazoa da ez duela hitz egin batzuek, euskal gatazkaren absentzia hori leporatzen diotenek, batez ere, nahiko luketen maneran».