Reportaje
 
Ignacia Olaizola, bizitza bat musikari eskainia

Ignacia Olaizola, ‘Inazita’ edo ‘Maria Gabriela’ bezala ezaguna, konposatzaile donostiarra zen. Pasa den apirilean hil zen 100 urteak betetzeko hiru hilabete besterik ez falta zitzaizkiola. Bere jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, Eresbil elkarteak egun hauetan Errenterian ospatzen ari den Musikaste jaialdian bere pieza batzuk programatu ditu. Emakume honen bizitza ez zen hala modukoa izan, moja sartu aurretik ibilbide dizdiratsua izan baitzuen, 36ko Gerrak harrapatu arren.

Nagore BELASTEGI|Errenteria|17/05/2019 18:20
Inazita
Ignacia Olaizola 2018ko uztailan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Musikasteren 47. edizioa hasi zen atzo, eta Eresbilek antolatzen duen jaialdi honetan mendeurrena betetzen duten konposatzaileak gogora ekarri ohi dituzte. Aurten, horien artean, Ignacia Olaizola donostiarraren hainbat konposizio aukeratu dituzte. Pasa den apirilaren 3an hil zen Gasteizen, 100 urteak betetzeko 3 hilabete besterik falta ez zitzaizkionean. Musikasteko bere aurtengo partaidetza ikusteko bizi ez den arren, iaz ere programan sartu zuten emakumeen presentzia indartu nahi izan zutelako. 47. edizio honetan, bihar Errenteriako Andre Mariaren Zeruratzea parrokian 19.00etan hasiko den kontzertuan entzun ahalko dira bere konposaketak, Andra Mari abesbatzaren eta Jose Luis Echechipia organistaren eskuetan.

Bertan ‘Santo’ eta ‘Pueblos todos’ piezak entzun ahal izango dira, mezaren baitan. Testuinguru hau oso aproposa da Ignacia Olaizolarentzat, beti erlijiotsua izan baitzen. Izan ere, moja aritu zen Idiazabalen lehenik, eta Gasteizen ondoren. Hala ere, bere ibilbidea beti musikari lotuta egon da, hil arte. Berarekin azken unera arte egon zen Rosa mojak esan zuenez, «beti zegoen musikarekin, gabon kantak konposatzen zituen eta askotan komentuko koroan akatsak ateratzen zizkigun».

Erbestera, gerratik ihesean

Etxean Inazita deitzen zioten, nahiz eta berak moja bezala hartu zuen izena nahiago zuen: Maria Gabriela. Izen hori hautatu zuen bere aitaren omenez, Gabriel Olaizola musikaria. Harengandik ikasi zuen musika, eta oso gaztetan murgildu zen mundu horretan. Etxean musika asko entzuten zuten eta lau ahizpek belarri ona zutela gogoratzen zuen donostiarrak askotan. 14 urte zituela aitak zuzentzen zuen Eusko Abesbatzan hasi zen, baina laster gerra etorri eta Estatu frantsesera ihes egin behar izan zuten Bilbon Habana itsasontzia hartuta. Saint-Sulpice-la-Pointe herrira iritsi ziren eta oso harrera ona egin zieten berari, ahizpei eta amari. Aita Euskal Herrian gelditu zen, jendeari muga pasatzen laguntzen.

Honek Jose Antonio Agirre lehendakariaren enkargu berezia jaso zuen orduan: erbestean zeuden euskaldunen abesbatza osatzea. Hala, Eresoinka jaio zen, non Ignacia bakarlari gisa aritu zen zenbaitetan. Eresoinka Europako herrialde askotan zehar ibili zen, arrakasta handiz, eta ehun kontzertu baino gehiago eskaini zituen. Pepita Enbil eta Luis Mariano abeslariekin ere eszenatokia partekatu zuen.


Taldea desegin zenean Cissac-Medoc herrira joan ziren eta emakume alargun baten etxean gelditu ziren bizitzen. Honek seme bakarra zuen, ezkongaia (gerora Inazitaren koinatua izango zena) eta puntu lantegi batean lana lortu zien lau ahizpei. Lantegian, militarizatua zegoena, frontean zeuden tropa aliatuentzako arropa egiten zuten hasieran, eta alemaniarrentzako gero.

Ospea irabaziz

1941ean etxera itzultzea erabaki zuten, Donostiara, eta deserrian eraikitako bizitza atzean utzi behar izan zuten. Bueltan Frankistek etxea hustu zietela aurkitu zuten eta zerotik hasi behar izan zuten berriro. Musika alboratu gabe, San Bizente elizako abesbatzan hasi zen kantatzen. Ondoren, Cuarteto Vocal de San Sebastian osatu zuen soprano gisa Jose Luis Erquicia tenorea, Luis Maria Garmendia baritonoa eta Manue Mugica baxuarekin batera.

Hala zioen Tristan de Easok ‘El Diario Vasco’ egunkarian laukoteari egindako kritika batean: «Inazita Olaizolak, denok ezagutzen dugun sopranoak, Pergolesi eta Schumannen orrialdeak abestu zituen (…) Abeslari donostiar bikainak txalo zaparrada jaso zuen».

Garai hartan ospea irabazten joan zen eta atzerrian abeslari moduan ibiltzeko hainbat eskaintza jaso zituen arren, beti ukatu egin zituen familiarekin etxean gelditzeko, bertako egoera ekonomikoa erosoa ez zen arren. Donostiako Udal Kontserbatorioan ikasi zuen eta «nota ezin hobeak» atera zituen, «beti bikain eta ohorezko matrikulak», berari buruzko garaiko txosten baten arabera. Donostian egon zen tarte horretan Maitea eta Easo abesbatzetan ere izan zen, bizimodua errotik aldatu zitzaion arte.

Bere burua «alaia» eta «pailazoa» bezala definitzen bazuen ere, «jainkoa beti alboan» izan zuela zioen, eta horregatik abituak hartzea erabaki zuen. Idiazabalen sartu zen moja. Komentura joan aurretik konposatutako lan batzuk kajoian gordeta utzi zituen, Gasteizen zegoela, moja batek horiek txukuntzeko proposamena egin zion arte. Bertan bizi zen Sabin Salaberri konposatzailearengana jo zuen –aitaren laguna zela konturatu zen ondoren–, eta honek eskuartean zituen 22 lanekin proiektu polit bat egin zezakela esan zion. Ordutik konposatzaile lanetan aritu zen.