Katharina Winkler eta Yoseba Peñak jaso dituzte Zilarrezko Euskadi sariak

Gipuzkoako liburu-saltzaileek Yoseba Peñaren ‘Hariak’ eta Katharina Winkler-en ‘Cárdeno adorno’ hautatu dituzte urteko liburu gisa. Goizean jaso dituzte Zilarrezko Euskadi sariak eta 19.30ean Donostiako Victoria Eugenian autoreei elkarrizketa egin eta irakurketa teatralizatua eskainiko da.

Amalur ARTOLA|22/05/2019 15:20
20190522_kul_zilarrekoeuskadi
Peña eta Winkler, liburu sarituekin. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Gipuzkoako liburu-saltzaileen gremioak Yoseba Peñaren ‘Hariak’ (Susa) eta Katharina Winkler idazle austriarraren ‘Cárdeno adorno’ (Periférica) saritu dituzte. Gaur goizean Donostian izan dira sarituak Zilarrezko Euskadi sariak jasotzen eta 19.30ean Victoria Eugenia antzokian izango dira, euren lanen gainean hitz egin eta irakurketa teatralizatuak eskaintzeko (gonbidapenak 17.00etatik aurrera jaso daitezke, antzokiko leihatilan).

Zarautzen finkatutako idazle bizkaitarraren liburuak hiru emakumeren bizipenak ditu oinarri. Familia bereko hiru kide dira eta, horien egunerokotasunean sartuta, Peñak 36ko Gerratik gaur egunerako ibilbidea egiten du, bdean historiako pasarteetan emakumeek izan dute paper aktiboa errepasatu eta memoria historikoaren beharra nabarmenduz.

Hitza hartuta, autoreak euskal literaturari eskaini zizkion lehen hitzak. «Euskal literaturan kalitaterik ez da falta baina ikusgarritasun arazo bat du, eta halako sariei esker ateratzen da kalera», esan eta eskerrak eman dizkie liburu-saltzaileei, bide batez literaturaren hedapenean egiten duten lana ere nabarmenduz.

‘Hariak’ sarituko zutenaren deia «harriduraz» jaso zuela esan du, «iruditzen zitzaidalako istorio gogorra zela eta kontatzen ez diren gauza asko ari nintzela kontatzen, ez zela politikoki zuzena».

«Egun asko hitz egiten da errelatoaz –jarraitu du–, eta uste dut euskaldunek gure errelato anitzak ere kontatu behar ditugula. Ez ziren bi bando egon, ez zen dena zuri edo beltz, gris paleta oso zabala izan da eta saiatu naiz hori erakusten», ziurtatu du.

Ia 50 urteko historia biltzen duen liburua izanik, idazkera garbia erabiltzen eta «literatura irakurgarri eta erakargarria» eratzen ahalegindu dela ere esan du, eta ‘Hariak’ memoria liburua ere badela nabarmendu du: «Hau bada memoria liburu bat ere; memoria galtzen duen herria historiatik ateratzen da», hausnartu du.

Liburua argitaratu zuenean, Peñak elkarrizketa luzea eskaini zion GARAri.

Biolentzia matxista

Katharina Winkler ere izan da Donostiako sariketan. Idazle austriarrak Turkiako biolentzia matxista kasu bat hartu du ardatz ‘Cárdeno adorno’ idazteko eta Gipuzkoako liburu-saltzaileen gremioak kontakizunaren «poetikotasuna» nabarmendu du: «Protagonistaren infernuetarainoko jaitsiera prosa eraginkorra erabiliz dago kontatua, lirikotasun delikatu perfektuaren bidez irakurleak atabikora narrasean eramateko».

Winkler liburuak izan duen «harrera beroaz» mintzatu da. «Egia da idazleok idaztera esertzen garen unean adorez jokatu behar dugula baina irakurleek ere gauza bera egiten dute liburua irakurtzean», ebatzi du, eta ‘Cárdeno adorno’-ra eraman duen istorioaz jardun da.

«Jazoera Turkian ematen bada ere testuinguru soziokulturala gainditu egiten du gertaerak: giza psikearen sakonean dagoenaz jardun naiz, gertaera hauek pertsona baten independentziaren gaineko eskubidea duela pentsatzen duen pertsona bat dagoen edozein lekutan gerta daitezke», ziurtatu du.

Eleberriak amaiera «positiboa» duela ere esan du Winklerrek, eta hori ezinbestekoa egin zaiola istorio hau idatzi ahal izateko. «Istorio honek ez balu amaiera positiboa izango ezin izango nukeen idatzi, gainditu egingo ninduen eta ezingo nuen munduarekin konpartitu», ziurtatu du.

«Istorio honek erakusten digu askatzea posible dela, baita irteerarik ez dagoela diruditen egoeretatik ere», iritzi du.