naiz

CAFek EuroMaint enpresa suediarra erosi du

CAF Taldeak «beste pauso bat» eman du «hazteko eta dibertsifikatzeko» bere estrategian, trenen mantentze lanetako esparruan lan egiten duen Suediako EuroMaint enpresako akzioen %100 erosteko adostutako akordioaren ondoren.

Orlando Nordics AB kapital pribatuko aholkularitzako funtsekin sinatutako akordioan, erositako enpresaren balioa 80 milioi euro ingurukoa da, baina amaierako balioa eragiketaren itxieran zehaztuko da dagozkion doiketak egin ostean. Itxiera uztailerako dago aurreikusita. CAFek jakinarazi duenez, enpresa berria gehituta, taldeak indartu egin du «gero eta handiagoa den zerbitzuak eskaintzeko bere jarduera», eta «Eskandinaviako herrialdeetako merkatuan duen presentzia sendoa» finkatu du.

Gaur egun, EuroMaint Suediako trenen merkatuan «erreferentziazko enpresetako bat» dela adierazi dute eta bidaiarientzako trenak, tren makinak eta tren ibilgailu industrialak mantentzeko negozioan herrialde eskandinaviarreko merkatuaren kuota handi bat duela jakinarazi. Bere jarduera nagusiak dira flota handien mantentze lanak eta sektore horretako Suediako operadore nagusiei tren arloko osagaien gama zabala hornitzea.

EuroMaint enpresak herrialde osoan banatuta dauden 18 lantegietan egiten ditu lanak, eta, CAFen arabera, «alderdi hori bera da merkatuan hazteko aukera eta lidergo posizio argia ematen dizkiona». Suediako enpresak 1.000 langile inguru ditu gaur egun eta aurreko ekitaldian 150 milioi euroko sarrerak izan zituen, gutxi gorabehera. Gainera, CAF Taldeari eskarien zorro handia ekarriko dio eta, zonalde hartako posizionamendu sendoa dela eta, zorroa handitzeko aurreikuspenak daude.

Osagaien hornikuntzarekin eta mantentze lanekin lotutako jardueran CAFek Europa mailan duen posizioa sendotzeko asmoz burutu du operazioa CAFek. «Gainera, EuroMaint enpresaren bezero kopuru handiari esker, Eskandinavian beste era bateko proiektuak garatu ahal izateko aukera berriak sortuko dira», azpimarratu dute. Bestalde, «erosketen arloan zein tren arloko ekipoen eta osagaien fabrikazioarekin eta hornikuntzarekin lotuta CAF Taldeak egiten duen jardueran sinergiak lortzeko aukera ere ekarriko du», gehitu du.