NAIZ
DONOSTIA

Greba egun gehiago deitu ditu ELAk Gipuzkoako zahar-etxeetan

Ekainaren 17tik uztailaren 12ra bitarte, 26 greba egun gehiago egingo dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek, ELA sindikatuak deituta. Azaldu dutenez, grebalarien helburua da «Aldundiak bere gain hartzea duela hilabete patronalekin ELAk lortu zuen akordioa». 

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen protesta bat. (Gorka RUBIO/FOKU)
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen protesta bat. (Gorka RUBIO/FOKU)

ELA sindikatuak azaldu duenez, ostiral honetan Donostiako egoitzan eginiko bilkuran hartu dute langileek grebarekin jarraitzeko erabakia. 

Zehazki, 26 greba egun gehiago deitu dituzte, ekainaren 17tik uztailaren 12ra. 

Sindikatuaren arabera, «grebalariek adierazi dute greba txanda berri honen helburua argia dela: Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartzea duela hilabete patronalekin ELAk lortu zuen akordioa». 

Azaldu dute Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioari 2017an ekin zitzaiola baina gaur egun, salatu dutenez, «egoera hankaz gora dago». 

«Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik», salatu dute.

Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak eskatuta iazko abenduan Adegi eta Matia 2020 patronalekin akordio bat lortu zutela azaldu dute. Foru erakundea jakitun zela esan dute, baina «Aldundiak finantziatu beharrean, falsifikatu eta ordutik gezurretan dabil, akordioa ELAren proposamen bat dela esaten», gaineratu dute.

«Maite Peña eta Markel Olano diputatu nagusia dira egoera honen erantzuleak, eta argi jakin behar dute ELAko langileok ez ditugula beraien gezurrak sinisten, eta gipuzkoarrek ezta ere», esan dute.