Ariane KAMIO
Donostia

Euskararen langile autonomoak, batera eta eragin nahian

Lanartea abiatu da, Euskararen Langile Autonomoen Intersindikala, eta gaur Donostiako Victoria Eugenian egin dute lehenengo batzar irekia.

Gaur goizean Victoria Eugenian egin den batzarreko irudia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Gaur goizean Victoria Eugenian egin den batzarreko irudia. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Lanarteak bere lehenengo batzar irekia deitu du gaur goizean Donostiako Victoria Eugenian. Euskararen Langile Autonomoen Intersindikalak barne hartzen ditu zuzenez edo zeharrez euskara tresnatzat daukaten musikariak, kontalariak, bertsolariak, antzezleak, marrazkilariak, kazetariak, itzultzaileak, idazleak eta, oro har, euskararen edozein lanbidetako profesional autonomoak. Haien lagin bat ikusi ahal izan da gaur Gipuzkoako hiriburuan, hitzordura bertaratu baitira, besteak beste, Mikel Urdangarin, Joseba Tapia, Rafa Rueda eta Imanol Ubeda musikariak; Koldo Izagirre, Yolanda Arrieta, Gotzon Barandiaran, Juan Luis Zabala eta Harkaitz Cano idazleak; Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari Garbiñe Ubeda; Juanjo Elordi eta Eneko Olasagasti zinegileak; Antton Olariaga, Dani Fano eta Mattin marrazkigileak; Oier Guillan eta Manex Fuchs antzerkigileak; eta Andoni Egaña bertsolaria. Atxikitu diren sortzaileen zerrenda, ordea, oraindik luzeagoa da.

Dani Fanok irakurri du bilkuraren hasieran Lanartearen manifestu fundazionala izan daitekena: «Lasturko Milia, Asteasuko eta Segurako itsuak beren gitarrekin, Asteasuko eta Segurako itsuen emazteak beren panderoekin, Etxahun, Iparragirre, Bilintx, Txirrita, Mendaro Txirristaka, Orixe, Jon Zabalo Txiki, Rikardo Arregi, Xabier Lete, Elgeta, Maurizia, Gabriel Aresti aldian aldiko euskararen langile autonomoak izan ziren. Halakoak zirelako kontzientzia handirik gabe, seguruenik, gehienak. Baina denak ere inolako aitortza profesionalik gabe bizitakoak: alprojak, alferrak, arloteak, neskabanderak, bardoak, artistak, poetak».

Haien ondorengoak dira orain Lanartera batu diren euskararen langile autonomoak, «egun batean pobre, beste batez jauna», dio manifestuak. Hain xuxen, euskarazko sorkuntzaren alorrean dabilenaren egoera prekarioari keinu argi bat eginez. «Ez aberatsa, –jarraitzen du manifestuak–, ‘jauna’ baizik, edo ‘andere’, errespetu apur bat, atorra berri bat, agian, sarreraren arabera pagatutako kontzertua, hitzaldiren bat, hilabete barru kobratzeko pagarea. Edo festetarako kartelen batzuk, presakako itzulpena, onartu ezin dugun aurrekontua. Horrelako egun zoragarriak. Txaloak, sariren bat edo beste, subentzio hauxe. Etsipen batean sinatutako kontratu abusiboak. Lehiaketen amarruak. Euskalgintzak beti behar dituen doako kolaboratzaileak gu. Zirkuitu ekonomikotik urrunduak gu. Telebistan belztuak gu, irratiak isilduak gu. Ez da saltzen. Herri honek gutxi irakurtzen du. Ez duzue jenderik biltzen. Egun pobrekoak sarritxo».

«Euskararen langile autonomoak gara, geure burua definitzen ikasi dugu. Autokontzientziak elkartzera ekarri gaitu. Erakunde batean. Eragiteko», diote.

Helburuak

Lanartea euskara lantzen duten profesional autonomoen interesak eta eskubideak defendatzeko sortu da, bazkide formula darabil, eta hain zuzen bere bazkideei laguntza moral, profesional eta juridikoa eskaintzeko abiatu da.

Diziplina desberdinetan banatzen den bezala euskal kultura, euskarak ere beste hainbeste langile eta lanbide ditu, bakoitza bere ezaugarriekin. Hartara, intersindikala sektore desberdinetako langilez dago osatua eta hiru helburu handi zehazten ditu guztientzat.

Batetik, euskararen langile autonomoen estatus juridiko duina lortzea, hala Estatu mailako legeetan nola autonomikoetan.

Bigarrenik, euskara izanik sektore guztien adierazpide linguistikoa, lehentasunetan dauka hitza baliatu behar duten sektore ekonomiko guztietan euskara exigitzea, bermatzea, indartzea eta hedatzea.

Eta hirugarrenik, Lanartea sektore arteko elkartasuna dela zehazten du manifestu fundazionalak, «elkartasun horretan indar handiagoa izateko sektore bakoitzaren gatazkak aurrera ateratzearren».

Sektore bakoitzak bere premiak dituela oinarri hartuta, sektore bakoitzeko langileek erabakiko dituzte zein diren beren premiak eta lehentasunak. Aitzitik, «Lanarteako sektore baten arazoak bazkide gutzien arazoak dira».

Independentea

Lanartea intersindikatu independente gisa jaio da, bere printzipio, egitura, arau propioekin, eta demokratitkoki aukeratutako ordezkariekin. Bidelagun gisa bat egiten dute, baina, ELA, LAB eta HIRU sindikatuek.

«Bai, Orotariko hiztegiak dioenez, ‘lanartea’ lana etetea da, atseden hartzeko pausaldia. Ez zaigu asko inporta, zuzenez edo zeharrez, euskara eginero lantzen dugunok bai baitakigu sosalia aurpegi bihurtzen, zarata doinua bihurtzen, puntu ineditoak errimatzen, itzuli-ezinekoak euskaratzen, berba zaharrei adiera berriak ematen: Lanartea, lanaren artea eta langileen artekoa. Lanartea, bizitza laboral duin baten aldeko batasuna».