Naiz
Iruñea

Jaso ikastolak ‘Aske’ musikala eskainiko du Baluarten

Sexu aniztasuna du gai nagusitzat eta lehen emanaldia Nafarroako ikasleen aurrean eskainiko dutenez, landu duten unitate didaktiko bati amaiera emateko balioko du ikuskizunak. Helburua eskola-jazarpenarekin amaitzea da.

Iruñeko Jaso ikastolako antzerki musikal taldeak ‘Aske’ eskainiko du datorren asteartean, Baluarten, 1.300 ikasle nafarren aurrean. Arratsaldean publiko orokorrerako beste emanaldi bat eskainiko dute, 12 euroren truke. Irailaren 27an Baionako Scene Nationalen izango dira, urriaren 10ean Tuterako Gaztambiden eta urriaren 19an Donostiako Kursaalean.

Lehen emanaldira joango diren eskoletako ikasleek aurretik genero aniztasun eta berdintasunarekin lotutako unitate didaktiko bat landu dute, eta ikuskizuna unitate horren amaiera izango da. Honek eskola-jazarpena ekiditea du helburu.

Izan ere, ‘Aske’ lanak sexu aniztasunaren trataera du gai nagusi endredo komedia batetan gorpuztua. Istorio eta pertsonaiek nerabearen identitate eta onarpen prozesuan zehar gidatuko gaituzte.

Onarpen eta aniztasun sexualaren mezua zabaltzeko asmoarekin, Jasok sortutako musikal honek, gazte desberdinen istorioa kontatzen digu. Dituzten beldurrei aurre egitea izango da haien erronka nagusia. Baina, batez ere, haien ingurukoek bizi duten itsutasuna argitzea, itsutasun hau sistema patriarkalaren ondarea den legez, ez baitira gazte hauek bizi dituzten barne borrokak onartzeko gai.

Proiektuak duen balio pedagogikoa dela eta, Estatuko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak aitortza egin dio eta edozeinentzat eskuragarri jarri ditu lanaren atalak zein metodologia. Era berean, hainbat unibertsitate Jaso ikastolarekin harremanetan jarri dira musikaleko zuzendariak eta parte hartzaileek hitzaldiak eskaini ditzaten.