Iñaki SOTO

Gauzak kontatzeko mila manera

Iñaki Soto.
Iñaki Soto.

Gauzak kontatzeko mila manera daude. Gurea, GARAkoa, horietako bat da. GARAren barruan gauzak kontatzeko beste hamaika era dauden arren. Zentzu batean, pluraltasuna panpin errusiar bat bezala baita.

Norberak ere gauzak kontatzeko forma desberdinak izaten ditu. Ez soilik denborarekin gauzak desitxuratzen ditugulako, edertu edo mozorrotzeko. Gure aurrekariek gure mundu ikuskera eraldatzen dutelako da, gramatika hutsari eta sistema dezimalari bestelako sistema partikularrak gehituz.

Duela gutxienez 17 urte, zenbait gauza kontatzeko era partikular bat daukat. Nire lagunak galdu dituen gauzen arabera zenbatzen dut. Eta musika, bandak eta kontzertuak gauzak zenbatzeko neurri horietako bat da. AC/DCren Bartzelonako kontzertu hura aro baten amaiera eta beste baten hasiera markatzen duen mugarria baita.

Lagunak ez du Kuraiaren kontzerturik ikusi. Ez da Putzuzulon Folkcore entzuten egon. Ez ditu ez lagunak ezta nire jefea jotzen ikusi ere. Ez du Zentral ezagutu eta ezin izan da bertara Flamenco On Fire jaialdira joan. Su Ta Gar Gayarre antzokian jotzen galdu du. Extremodurok Iruñeko zezen plazan eman zuen azken horretan ere ez zen egon. Ezin izan da Diana Krall Trinitate plazara entzutera joan. Berak ezagutu zituen Berri Txarrak eta oraingoak gauza bera eta aldi berean oso bestelakoak dira.

Jakina, nire laguna ez zen igandean Illunben izan. Nire laguna preso dago.

Bera bezala beste 252 preso politiko daude orain. Horrela markatzen du gure azalak. Ni bezala beste hamaika lagun eta senide daude, norbera bere gauzak zenbatzeko era partikular batekin: batentzat koadrillako afariak eta bestearentzat bilobaren urtebetetzeak izango dira. Gogoratzen dituenean, aldi berean negargura eta samurtasuna eragiten dioten gauzak izango dira. Zalantzarik gabe, maitasun kontuak dira.

Kontadore hori zeron jarri arte, Euskal Herrian beti egongo da egunkari bat kartzelara sartu eta gure kontatzeko era bilduko duena. Abestiak dioen bezala (elkarrekin ikusi genituen, Mikel? Ez naiz oroitzen), lerro hauek zuentzat baitira.