NAIZ
TOLOSA

Frankismoaren krimenen aurkako kereila aurkeztu du Andoaingo Udalak epaitegian

Frankismoak iraun zuen bitartean gauzatu ziren krimenen aurkako kereila aurkeztu du gaur Andoaingo Udalak Tolosako epaitegian, Udalbatzak aho batez onartutako mozioaren mandatua jarraituta.

Andoaingo Udaleko eta Oroituz taldeko ordezkariak eta frankismoaren hainbat biktima, Tolosako epaitegian. (@AndoaingoUdala)
Andoaingo Udaleko eta Oroituz taldeko ordezkariak eta frankismoaren hainbat biktima, Tolosako epaitegian. (@AndoaingoUdala)

Andoaingo Udala frankismo garaiko testigantzak biltzen aritu da azken hilabeteetan Oroituz memoria taldearen laguntzarekin, eta horiek aintzat hartuta, epaitegietan kereila jartzea erabaki du Udalak, ohar batean jakinarazi duenez.

Ekimen honek 2017ko uztailean Udalbatzak aho batez onartutako mozio batean du jatorria. Mozio hartan frankismoak Andoainen egindako krimenak jasoko lituzkeen txosten bat egitea adostu zen eta Oroituz taldeak hartu zuen txosten hori egiteko ardura.

Memoria taldeak 1936-1970 urte bitarteko gertaerak jaso ditu. Txostena bukatzearekin batera, bi kereila kriminal aurkeztea erabaki zen: bat Argentinan, bertan irekita dagoen prozedura judizialaren baitan, eta bestea Tolosako epaitegian.

Azken honetan, gaur bertan egin da kereilaren erregistroa. Andoaingo Udalarekin batera, bertan izan dira Oroituz taldeko hainbat kide eta frankismoko hainbat biktima ere bai. Kereila honekin frankismoaren biktimen erreparazioan urrats bat eman nahi izan du Udalak.