Naiz
Donostia

Toponimo ofizialen inguruko 81.000 fitxa jaso ditu EAEko Izendegi Geografikoak

Toponimo bakoitzak bere fitxa du eta geografikoki erreferentziatuta dago. Bertan agertzen dira izen motak, dokumentazio historikoa, ahoskera edo geolokalizazioa, adibidez. Era berean, herritarrek euren iradokizunak egin ahal izango dituzte pixkanaka hobetzen eta osatzen joateko.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak EAEko Izendegi Geografikoa aurkeztu du, «toponimiaz eta kartografiaz informazio baliotsua batzen duen tresna berritzaile bat». Tresna berriak 81.248 fitxa jaso ditu toponimo ofizial eta lehenetsitakoen inguruan, eta horietan informazio ugari bildu da hauen bilakaera eta erabileraren inguruan.

Halaber, GeoEuskadiri esker, toponimoak geografikoki erreferentziatuta agertzen dira eta beste garai batzuetako mapetan kontsultatzeko aukera eskaintzen da. Informazio guztia euren webgunean kontsultatu daiteke.

Izendegi geografikoa informazio erregistro dinamikoa da, kartografia ofizialean erabili behar diren izendapen ofizialak jasotzen dituena, geografikoki erreferentziatuta. Toponimo baten inguruko bilaketa egiten denean, Izendegi Geografikoak era askotako informazioa eskaintzen du bere 81.248 fitxetan jasota: izen motak (izen ofizialak, lehenetsiak, aldaerak edo alonimoak); dokumentazio historikoa; ahoskeraren inguruko aholkuak; geolokalizazioa.

Kontsultak

Halaber, Izendegi Geografikoak oharrak eta iradokizunak egiteko atal bat dauka, eta, horren bitartez, herritarrek toponimiaren inguruko kontsultak, zalantzak, oharrak, eskariak eta iradokizunak helarazteko aukera izango dute.

«Toponimiarena gai konplexua da eta batzuetan zalantzak sortzen ditu herritarrengan. Tresna honen bitartez hainbat urtetan jasotako informazioa herritarren esku jarri nahi izan dugu, beren zalantzak eta interesak asetzeko», adierazi dute.

Bestalde, izendegia «etengabe osatzen eta aberasten joango den tresna bat» dela nabarmendu dute. «Azken urteotan udaletatik etorritako datu asko eta asko izendegian kargatu behar ditugu, eta lan hori apurka-apurka joango gara egiten. Momentu honetan egindako kontsulten deskargak egin daitezke, eta aplikazioa hobetzen eta funtzionalitate berriak gehitzen jarraituko dugu. Izendegia zuzendu, osatu eta eguneratuko da udalekin batera».