HARITZ LARRAÑAGA

Ahate hazleak eta ELB sindikatuko kideak Baionan epaitu dituzte

Jean Michel Berho, Lataillade familia (Marc Florence eta Alain) eta Panpi Sainte Marie epaitu dituzte Baionako epaitegian, 2017ko udaberrian administrazio frantsesak ahateen hiltzea bermatzeko bidali zituen «DDPPko agenteen egin beharra trabatu eta hazkuntza etxaldeetako sarrera oztopatzeagatik». ELB sindikatuak elkarretaratzea egin du epaitegi aitzinean, Estatu frantsesaren «tematzea» salatu eta ahate hazleei sostengua emateko.

ELBk elkarretaratzea egin du Baionako Auzitegiaren aurrean. (FOKU)
ELBk elkarretaratzea egin du Baionako Auzitegiaren aurrean. (FOKU)

«Administrazioari oztopo egiteagatik» 2.000 euroko isuna eskatu du prokuradoreak akusatuetako bakoitzarentzat, norbanako, zein enpresa gisa. Horrez gain, Marc, Florence eta Alain Latailladek, eta Michel Berhok, 500 euroko isun gehigarria jaso dezakete. Azken honentzat gainera, «biosegurtasun neurriak hausteagatik» beste 150 euroko lau isun eta enpresa gisa ordaindu beharreko 120 euro eskatu ditu fiskaltzak.

Defentsak, ostera, akusatu guztien absoluzioa eskatu du, «administrazioari oztoporik jarri ez ziotelako». Alde guztiak entzun ostean, epai mahaiak datorren uztailaren 23ra atzeratu azken erabakia emateko data.

Gisa honetako bigarren epaiketa izango da. Lehena, iazko udazkenean egin zuten Pauen. Kati Xabalgoiti, Barkoxeko hazlea errugabetzat jo zuten arren, ELB sindikatua 5.000 euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. Gaurko epaiketa, ostera, Baionako prokuradoreak agindu du, epaituak izango diren abeltzainen etxaldeak Baionako auzitegiari dagokion eremuan aurkitzen direlako.

Bidaxunen (Nafarroa Beherea) dituzte haien etxaldeak Florence eta Latailladek, eta Berhoken etxaldea, berriz, Domintxinen (Zuberoa) aurkitzen da. Laugarren epaitua, Panpie Sainte Marie, ELBko bozeramailea da, eta hazleekin batera, hau ere ordena publikoa trabatzeagatik epaituko dute.

Epaituko diren gertaerak 2017ko apirilean jazo ziren. Herritarren Babeserako Departamenduko zuzendariak, hegazti gripea hedatzeko arriskua zela eta, kabalak modu prebentiboan hiltzeko agindua eman zuen. Aipatu hiru etxaldeetan ordea, ELB sindikatuaren laguntzarekin, administrazioaren aginduei aurre egitea erabaki zuten eta mobilizazio jendetsuak egin zituzten abeltzainak etxe inguruetan.

«Ahateak sano ziren»

Hegaztiei egindako analisien arabera ahate gehienak sano zeuden, eta gripearen aztarnak aurkitu zizkieten hegaztiek gainera, antigorputzak garatu zituzten. ELBko ordezkarien hitzetan, «eritasuna haztegitik pasatu zen, baina ahateek erresistitu zuten», horregatik kexu ziren abeltzainak, zeren «ahate horiek aztertu eta gainerakoak sendatzeko baliatu ordez, denak hil nahi zituzten».

Eri izan edo ez, administrazioak hegazti guztiak hil nahi zituen. Gauzak honela, «ELB-k ez luke kontra egingo ahateak gaixo balira, baina ahateak sano ziren, horregatik borrokatu genuen», azaldu zuen Panpie Saint Marie bozeramaileak.

Duela bi urte administrazio frantsesak eman zuen agindua «zentzuzkoa ez zela» iritzi zioten modu berean, bi urte beranduago Baionako epaitegiak ireki duen bidea ere zentzugabea dela iritzi dio euskal laborarien sindikatuak.

«Ahateek ez zuten eritasunik garatu, erabat digerituak dira. Garaian, ordena publikoa trabatu zutela argudiatuta, uler zitekeen prozedura irekitzea, baina zer zentzu du bi urte eta erdi beranduago ahate hazle horien kontrako epaiketa egiteak?», galdetzen du Anne Marie Mendiburu abokatuak.