NAIZ

Egoitz Urrutikoetxea: «Epaileak kontuan hartu du aitak bilakaera politikoan jokatu duen papera»

Egoitz Urrutikoetxearen ustez, epaileek bere aita aske uzteko orduan kontuan hartu dute Euskal Herrian azken urteetan izan den bilakaera politikoan Josu Urrutikoetxeak izan duen zeregina eta jokatu duen papera, eta ildo horretan «berri ona» dela nabarmendu du, beretzat eta senideentzat ez ezik, euskal, espainiar eta frantziar jendartearentzat, «oinarri sendoak» ezartzen dituelako «Euskal Herrian bestelako eszenatoki baten eraikuntzan urratsak emateko».

Egoitz Urrutikoetxea. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Egoitz Urrutikoetxea. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Josu Urrutikoetxearen seme Egoitzi elkarrizketa egin diote NAIZ Irratian, Parisko Auzitegiak bere aita aske uzteko agindu ondoren. Azaldu duenez, arratsalde partean aske geratu beharko luke, «betiere ez badago azken orduko eskuhartzerik».

Azaldu duenez, Josu Urrutikoetxeak Parisen geratu beharko du epaileen aginduz, eta beraz oraingoz ez du Euskal Herriratzeko aukera izango. Senideen lehentasuna medikuarengana joatea izango dela esan du, «beharrezkoa duen arreta izan dezan» eta egin behar zioten ebakuntza «ahalik eta azkarren eta baldintza onenetan egin diezaioten». Izan ere, atxilotu zuten egunean ebakuntza egiteko hitzordua zuen Urrutikoetxeak eta atzeratu egin zuten.  

Egoitz Urrutikoetxearen esanetan, bere aita aske uztea berri ona da familiarentzat, Josurentzat berarentzat bere osasun egoeragatik, baina baita euskal, espainiar eta frantziar jendartearentzat.

«Erabaki honen iturburuan badira zuzenbideari atxikiriko hainbat galdera abokatuek pausatu dituztenak, bada ere bere osasun egoera, baina bada ere Auzitegiak kontuan hartu duela Euskal Herriko azken urteetako bilakaera politikoa eta bilakaera politiko horretan aitak izan duen zeregina edo bete duen papera», azaldu du.

Horregatik, bere aburuz Urrutikoetxea aske uzteak «oinarri sendoak» ezartzen ditu «Euskal Herrian bestelako eszenatoki baten eraikuntzan urratsak emateko, iraganean gertatuak ez errepikatzeko berme sendoak eskuratzeko eta bizikidetza eta elkarbizitzan oinarrituriko eszenatoki demokratiko berri baterantz urratsak emateko. Berri ona da demokrazian sinisten dugunontzat».