naiz

‘Oreina’, ‘Espedizio handia’ eta ‘Altsasu’ dokumentala, Edinburgoko Zine Jaialdian

Ostiralean, ekainak 21, Eoin Wilson eskoziarraren ‘Altsasu’ dokumentala estreinatuko dute Edinburgko Nazioarteko Festibalean. Era berean, Koldo Almandozen ‘Oreina’ filma eta Iban del Camporen ‘Espedizio handia’ film laburra izango dira ikusgai, zuzendariek beraiek aurkeztuta.

‘Altsasu’ dokumentala egin du Eoin Wilson eskoziarrak. Bertan, Igone Goikoetxea, Jokin Unamuno presoaren amaren bitartez egiten diote kasuari errepasoa. «Altsasuko zazpi gazteren oheak hutsik jarraitzen dute. Herriak bere ihauteriak ospatzen dituen bitartean, Igonek bere semearen espetxeratzeari nola egiten dion aurre jasotzen du pelikulak. Jokin eta beste sei gazte kartzelan mententzen dituen prozesu judizial honek kritika ugari jaso ditu bere berme juridiko ezagatik», azaltzen dute dokumentalaren web orrialdean.

Bestetik, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak ‘Oreina’ aurkeztuko du Edinburgon, ekainaren 24an eta 26an, eta Eskozian estreinaldia izango da. Gainera, 2018ko ‘Kimuak’ euskal film laburren bildumako piezatako bat izan zen Iban del Campo arrasatearraren ‘Espedizio handia’ zientzia fikziozko pelikula Eskoziako hiriburuan ikusgai izango da ekainaren 26an.

‘Oreina’ da Koldo Almandozen (Donostia, 1973) bigarren luzemetraia. Txintxua Filmsen ekoizpena da, eta Patxi Bisquert (Jose Ramon) eta Laulad Ahmed Saleh (Khalil) dira protagonistak. Javier Agirre du argazki zuzendari eta Laurent Dufreche muntaiaren egilea; musika Elena Setienek eta Ignacio Bilbaok idatzi dute. Almandozek berak idatzitako gidoian oinarrituta, filma gizakien eta espazio geografikoen mugez mintzo da, Khalil eta Jose Ramonen arteko harremana abiapuntu duela. Pelikulak Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen 2018ko Donostia Zinemaldian.

Halaber, Iban del Campo zinemagileak (Arrasate, 1971) Antonio del Camporekin batera idatzi eta Limbus Filmakekin elkarlanean ekoitzitako pelikula laburra da ‘Espedizio handia’. Filmaren argazki zuzendaria Edward O. L'Estrange, editoreak Iban del Campo eta Benito Macias, eta soinuaren arduraduna Adrian Chom. L'Estrange familiako kideak antzezle dituen zientzia fikziozko filmak artxiboko materiala eta familiarteko Super 8 bideoak batzen ditu, planeten arteko bidaien zirrara islatu asmoz. Sinopsiak zera dio: «Gizakiak, berez dena baino gehiago izan nahi du, izarren hautsa baino zerbait gehiago».

Hainbat topaketa

Bestalde, kultur eragileen artean zubiak eraikitzea helburu duen #ScotlandGoesBasque programak euskal zine industriari so eginda, Etxepare Euskal Institutuak hainbat topaketa eta bilera bideratu ditu Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdiak industriari zabaldutako atalean.

Horrela, Zineuskadi elkartearekin elkarlanean, joan-etorriko misio bat egingo da: orain euskal zine industriako zazpi profesional izango dira Edinburgon, EIFFen bat egiten duen merkatua ezagutu, euren lana aurkeztu eta beste profesionalekin esperientziak partekatzeko. Profesional horiek dira Jara Ayucar (Zineuskadi), Marian Fernandez (Txintxua Films), Alex Garcia de Bikuña (Marmoka Films), Miren Aperribay (Atera Films) eta Koldo Almandoz zein Iban del Campo zuzendariak.

Ondoren, irailean, Donostia Zinemaldian Glocal meets Scotland koprodukzio topaketa egingo da: zenbait eskoziar ekoizle gonbidatuko dituzte Zinemaldian dauden hegemonikoak ez diren europar hizkuntzetan film luzeak ekoizten dituzten profesionalekin elkartu eta edukiak nahiz ezagutza eta baliabideak partekatzeko.