Udate

Ostiral honetan itzuliko da UDATE-BETE eta, berarekin batera, Tasio

Ostiralero Tasioren tira bat aterako da GARAren udako gehigarrian, baina baita beste eduki asko ere: erreportajeak, liburu eta musika gomendioak, Proust galdetegia, aisialdirako proposamenak eta errezetak, adibidez.

Luis JAUREGIALTZO/FOKU.
Luis JAUREGIALTZO/FOKU.

Udan bete-betean sartuko gara ostiralean, eta San Juan jaiekin hasita Porrontxoak iritsi arte, herriz herriko jaiek ez dute etenik izango. Kontatu beharrekoak dira gure herrietako ohiturak, baita opor egunetan egin daitezkeen askotariko planak ere, eta horretaz arduratuko da aurten ere UDATE-BETE gehigarria.

Ostiral honetan hasita, astero uda usaina izango duten hamasei orrialde izango ditu lagun GARAk. Ez dira faltako erreportaje mamitsuak, ezta jaiei buruzko informazioa ere, festa bakar bat ere galtzen ez dutenentzat.

Nobedadeak ere izango dira, eta azkenengo orrialdean, harribitxi bat: Tasioren tira batek agurtuko du ostiralero UDATE-BETE, koloretan. Horrez gain, udak irakurtzeko gosea pizten duenez gero, ale bakoitzean liburu gomendioak egingo dituzte kultur, kirol edo bestelako arloetako pertsona esanguratsuek. Olatz Salvador musikariak estreinatuko du atal hau ostiral honetan.

Halaber, musikak ere leku berezia izango du, eta asteburuetan kontzertua emango duen musika-talde baten kritika ere izango da. Ez da faltako, ezta ere, ‘Proust galdetegia eta +’ atala. Antoniette Faurek, garaiko Errepublika frantseseko presidentearen alabak, Marcel Proust nobelagilea elkarrizketatu zuen pertsonaia honen egiazko nortasuna ezagutzeko xedez, eta Martin Garitanok formula berbera erabiliko du Euskal Herriko pertsonaia batzuekin.