NAIZ

Arma esportazioa salatu dute Markina-Xemeinen, Saudi Arabiako kasuaren harira

Hainbat plataformek deituta, elkarretaratzea egin dute Markina-Xemeinen espainiar Gobernuari «Saudi Arabia bezalako herrialdetara egiten duen arma-trafikoa» gelditu dezala eskatzeko. Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, erakundeek beraien harrera-politika alda dezatela, eta nazioarteko eskubidearen arabera errefuxiatuek dagokien laguntza bermatuta eduki dezatela ere exijitu dute.

Armen esportazioaren aurkako elkarretaratzea Markina-Xemeinen.
Armen esportazioaren aurkako elkarretaratzea Markina-Xemeinen.

Ongi Etorri Errefuxiatuak!, Euskal Herria Askatu!, Sahara Houra eta Autodeterminazioa orain! plataformek deituta, hainbat lagun bildu dira Markina-Xemeinen arma esportazioaren aurkako protestan. Amaituta ondoren irakurritako manifestuan, kolektiboek gaur errefuxiatuek bizi dituzten balditzak salatu dituzte.

Era berean, aspalditik errefuxiatuen ongizatea, beraien eskubideak edo nazioarteko legedia kontutan izan gabe, gure mugetara heltzen diren errefuxiatuen helduera edo mugimendua ekiditeko europar politikak «gero eta gogorragoak» direla arduraz ikusten dutela adierazi dute.

Horren harira, beraien etxea utziz, bizitza galtzera eraman dakizkieken ibilbide arriskutsua egitera behartuta daudela ahaztu egiten dela salatu dute: «Migrazio jendetsu horien arrazoi nagusietarikoak diren gerretan eta gatazka armatuetan beraien bizilekuak suntsitu dituztelako ihes egiten dute».

Hala ere, bizirik ateratzen direnak «europar lurretan ere eragozpenak» aurkitzen dituztela gogoratu dute, eta «harrera duina bermatu behar dieten estatuen arbuioa jasaten» dutela askotan. Horren eredu, jasan behar dituzten administrazio-tramiteak nabarmendu dituzte:  ilarak, epeak, plaza faltak, burokrazia, hizkuntzarekin erlazionaturiko beste batzuk eta gure gizartearen beldur eta aurreiritziekin zerikusia duten beste batzuk. Horregatik, «gaur beraien hiritartasun eskubidea aldarrikatzen dugu, beraien presentzia eta ekarpena balioztatzen dugu, eta gure gizartearen harrera gaitasuna eskatzen dugu», adierazi dute manifestuan.

Ahaztutako gatazken biktimak

Bestalde, «komunikabidetan ia aipamenik ez duten eta ia inork gogoratzen ez dituen Yemen, Mali, Sudan, eta beste batzuk bezalako gatazka ahaztutako biktimen» aipamen berezia egin nahi izan dute. «Gatazka horietan gure industriatan fabrikatzen eta gure portutan itsasontziratzen diren arma europarrekin zauritu eta hiltzen da», salatu dute.

Gogoratu dute, bestalde, «Euskadiko bihotzean fabrikatu eta Saudi Arabiari saltzen diren morteroen granadak inork defendatzen dituzten gerra batik ihesiz Europara babes bila heltzen diren yemendarrak errefuxiatuak bihurtzen dituztenak direla».

«Pertsona horiek ezagutzen zuten bizitza nola kendu dieten ikusi dute, eta ez zuten inoiz pentsatuko bizirik iraun nahi izateagatik soilik beraien eskubideen bortxaketei aurre egin beharko zietenik. Ahaztutako gatazketatik ihesiz datoz, baina helmugara heltzen direnean ahazte handiagoa aurkitzen dute. Helmuga horrek gizatasuna kentzen die, itxaronaldi eta tramiteek hilabete luzez harrera sistemara heltzea eragozten dietelako», salatu dute. 

Esandako guztiagatik dokumentua sinatzen duten erakundeek hurrengo eskatu diete espainiar Gobernuari: Babes gaiko bere beharrak bete ditzala; giza-eskubideak bortxatzen dituzten Saudi Arabia bezalako herrialdetara egiten duen arma-trafikoa gelditu dezala, gerra horietako gaizkide egiten gaituelako; erakundeek beraien harrera-politika alda dezatela, eta nazioarteko eskubidearen arabera errefuxiatuek dagokien laguntza bermatuta eduki dezatela; azkenik, migratzaileentzat agintariek legezko mugimendu bide seguruak eskaini ditzatela exijitu diete.