HARITZ LARRAÑAGA

Enargia kooperatiba: «Lekuko energia berriztagarria» eskaintzeko prest ageri da

Uztailaren batetik aurrera, kontagailu elektriko bat duen Ipar Euskal Herriko edozein biztanlek, sortu berria den Enargia kooperatibak eskaintzen duen «lekuko energia berriztagarria» kontsumitu ahal izango du.

Enargiak Azkainen duen egoitzan egin zuten prentsaurekoa poriektuaren arduradun nagusiek. Bob EDME
Enargiak Azkainen duen egoitzan egin zuten prentsaurekoa poriektuaren arduradun nagusiek. Bob EDME

Kooperatiba berria aurkezteko Azkainen egin duten prentsaurrekoan Iban Lizarralde Enargiako lehendakariak, azaldu duenez, «beste edozein hornitzailek bezala, 1.500 bezerori elektrizitatea eskaintzeko moduan gaude. Eskaintzen dugun energia % 100 berriztagarria dela eta lekuko ekoizleek sortua dela alde bakarra da».

Nagusiki Biarnoko enpresa hidroelektriko batek sortutako energiaz baliatzen da egun Enargia, baina aurrera begira Euskal Herrian sortzen den «energia berdea» biltzen duten I-Ener edo GoiEner bezalako enpresekin lan egiteko asmoa dute. Hain zuzen ere, I-Ener izan zen Ipar Euskal Herrian energia berriztagarria sortzeko martxan jarri zuten lehen egitasmoa. Hasieratik zentral eguzki energia baliatzeko apustua egin zuten eta 2014tik gaur arte 15 zentral fotovoltaiko eraiki dituzte. Egun oraindik proiektu berriak martxan dituzte, hala nola, eguzki panel gehiago ezartzeko zein bestelako baliabide naturalak erabiliz energia ekoizteko.

Ordea, «I-Ener elkarteak egun eskaintzen duen energia kantitatea ez da nahiko gure eskaerari  erantzuteko« azaldu du Lizarraldek. GoiEner kooperatiba berriz, Hego Euskal Herrian dagoenez, eskaintzen duen energia eskuratzeko zailtasunak daude, baina Enargiako lehendakariak argitu duenez, «aurrea begira bide hori jorratu nahi dugu, zeren I-Enerek pixkanaka geroz eta energia gehiago ekoiztuko du, eta GoiEnerekin lan egin ahal izateko eman beharreko urratsak emango ditugu».


Transferentzia erraza

Laura Dubernet Enargiako marketin arduradunak, «energia hornitzaile nagusien tarifa berberak» eskainiko dituztela iragarri du. Dubernetek azaldu duenez, «gure bezero izateko jarraitu beharreko urratsak oso errazak dira, soilik “enargia.eus” webgunean dagoen formulario bat bete behar da, eta horren ostean aldaketa guk geuk kudeatzen dugu, beraz bezeroak ez du elektrizitate etenik izango eta teknikari baten bisitarik jaso gabe egingo dugu transferentzia».

Lekuko energia berriztagarria eskainiko duen lehen kooperatiba da Enargia Estatu frantsesean, eta aurrera begira, elektrizitatea bakarrik ez, gasa eskaintzeko asmoa ere badutela iragarri du kooperatibako lehendakariak, «zeren prozedura bera da». Edonola ere, «oraindik zehaztasunak emateko goiz» dela ohartarazi du Lizarraldek.


Burujabetza energetikoa

Energia sortzen den unetik bezeroei helarazten zaien arte hiru eremu bereizten dira. «Lehen eremua, energia sortzearena, irekia da, bigarrena, energia garraiatzearena soilik Estatuak egin dezake, eta hirugarrena, energia saltzearena ere irekia da», nabarmendu du Patxi Bergara Enargia proiektuko zuzendariak.

Lehen fasea, energia sortzearena, I-Ener elkartearekin abiatu zuten, eta hirugarren fasea berriz, hiritarrak energia berriztagarriez hornitzea, Enargiarekin egin daiteke. Izan ere, Lizarralderen hitzetan, «helburua zera da; hemen sortutako energia berriztagarriekin hornitzea bertako biztanleria». Alegia, ahal den neurrian, Euskal Herria maila energetikoan burujabe izatea.