Ane URKIRI
Donostia

Urizarrek EAko lehen lerroa utzi du EH Bilduren proiektua egonkortuta dagoela arrazoi hartuta

Ziklo politiko baten amaiera heldu dela iruditzen zaio Pello Urizarri eta azaldu duenaren arabera, hori da EAren lehen lerroa uzteko arrazoi nagusia. Belaunaldi berrien freskotasunaren garaia dela irizten du.

Pello Urizarrek prentsaurrekoa eman du bere dimisoaren arrazoiak azaltzeko.(Gorka RUBIO / FOKU)
Pello Urizarrek prentsaurrekoa eman du bere dimisoaren arrazoiak azaltzeko.(Gorka RUBIO / FOKU)

Eusko Alkartasunak astelehen arratsaldean eman zuen Pello Urizarren dimisioaren berri eta azken 10 urteetan alderdiko idazkari nagusi izan denak prentsaurrean adierazi duen legez, garai politiko berriak bultzatu dio erabakia hartzera. Behin eta berriz adierazu du EH Bilduren proiektua jada egonkortuta dagoela –azken udal eta foru hauteskundeen emaitzen adibidea aipatu du– eta beraz, eraberritzea beti dela «osasuntsua».

Gogoratu du 2009an EAren lehen lerrora heldu zenean, proiektu politiko berria eraikitzeko fasea ireki zela, «elkarlan herrikoi eta ezberdinen arteko mugimenduaren bitartez» eta beraz, oraingo errealitatea bultzatzeko «esku berriak» behar direla.

Duela bi urte alderdian eginiko hauteskundeetan garaile irten zen Urizar eta horren harira adierazi du orain hartu duela erabakia azken urte eta erdian maiatzeko hauteskundeetara begira egon direlako «eta epe horretan alderdi barneko aferak bigarren lerro batera pasatzen direlako, gizartea baita garrantzitsuena».

Idazkari nagusi berria EAko militanteek bozkatuko dutela ere zehaztu du eta prozesu honen berri datozen asteetan emango dutela. Hala, alderdiaren etorkizunari dagokionez sinesten du kargua hartzen duenak ulertuko duela zein den jarraitu beharreko bidea, «EAk beti izan baitu beste formazioekin elkarlanean aritzeko prestutasuna».

Hamar urteko ibilbidea

Hamar urte igaro dira Urizar aurreneko aldiz idazkari nagusi izendatu zutenetik eta eginiko ibilbidearekin «pozik» dagoela onartu du. «Justizia soziala eta bizitza duinak bermatzea» politikaren erdigunean jarri direlako azaleratu du bere poztasuna, baita ETAren armagabetzearengatik, hala nola Ipar Euskal Herrian bere izaera onartzen duen erakundea dagoelako eta Nafarroak «bere buruari harro begiratzen» diolako.

Orain «militantzia soilera» itzuliko dela iragarri du, idazkari nagusi izan aurretik 23 urtean egin bezala. Irailean kooperatibara lanera itzuliko dela ere aurreratu du eta idazkari nagusi izateari utziko dion moduan, legebiltzarkide izateari ere utziko dio: «Ulertzen dut batak bestea dakarrela, automatikoki».

EAko idazkari nagusi gisa prozesu subiranistari emateko gutxi duela aipatu baldin badu ere, ziur agertu da beste ikuspuntu batetik ekarpenak egiteko «espazio asko» daudela eta beraz, horietan «elkar ikusiko dugu».