Nagore BELASTEGI
Donostia

Nevadako Unibertsitateak emakume bertsolarien inguruko liburua argitaratu du ingelesez

Emakumeak lehen munduan orokorrean, eta euskal gizartean zehazki, berdintasuna lortzeko izaten ari diren arazoen berri ematen dute liburuko artikuluek eta bertsolaritzan zein country musikan emakumeek izan dituzten erronkak mahai gainean jartzen dira argitalpen berrian.

Lujanbio, Irujo eta Arrieta, gaur goizeko aurkezpenean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Lujanbio, Irujo eta Arrieta, gaur goizeko aurkezpenean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Nevadako Unibertsitateak emakume bertsolarien inguruko ikerketa liburu bat argitaratu du ingelesez. Berritzailea da gaiari buruz hizkuntza horretan argitaratzen den lehen argitalpena delako. Xabier Irujok eta Iñaki Arrietak koordinatuta, hainbat bertsolari eta historialariren testuak biltzen ditu ‘Female improvisational poets. Challenges and achievements in the twentieth century’ lanak.

Bertan jasotzen dira Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Jone Miren Hernandez, Caroline Dufurrena eta Joseba Zulaikaren ekarpenak gaiaren inguruan. Liburuaren iturburua Nevadako Elko hirian egindako bertsolaritzaren inguruko kongresu bat izan zen, herrialdeko country poesiaren urteroko saio baten baitan ospatutakoa.

Donostian egin duten aurkezpenean liburuan parte hartu duen Maialen Lujanbio bertsolaria izan da, Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea. Bere ustez, nahiz eta liburua gai zehatz baten ingurukoa den «ikuspegi unibertsala» du, eta Nevadako Unibertsitateak ingelesez egin izanak sustapen handiagoa emango diola uste du. Izan ere, Amerikan eta Europa osorako banaketa izango du internet bidez.

Testuingurua dela eta, euskal bertsolaritzaren eta Estatu Batuetako poesia country-aren arteko paralelismoak antzeman dituzte egileek. «Badaude esperientzia batzuk konpartituak direnak. Lotura batzuk daude kulturalki emakumearen papera aldarrikatzeko nahiko antzerakoak direnak», esan du Iñaki Arrieta Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiko zuzendariak.

Honen esanetan, «emakumearen rola gizartean aldatzen den heinean poesiaren mundua ere aldatzen doa. Duela 50 urte ia ez zegoen emakumerik, eta gaur egun, aldiz, emakume bertsolari eta poeta country ugari daude».

Horren harira, Irujok adierazi du liburuan aipatzen dela «emakumeen borroka handi horretan nola hartu den jabekuntza hori, nola iritsi garen egungo egoerara. Nahiz eta egoera hori ideala ez den ikus dezakegu zer dagoen hobetzeko».