NAIZ

Udako Ikastaroen balantze positiboa egin du UEUk

Gaur amaitu dira UEUren 47. Udako Ikastaroak Usurbilen eta Irati Iciar Madinabeitia ikastaroetako arduradunak balorazio baikorra egin du. «Positiboa izan da parte-hartzearen aldetik eta oso positiboa elkarlanaren aldetik. 'ElkarEkin' leloa ez da kasualitatea eta Udako Ikastaroak dira UEUren barne elkarrekintza horren eremu naturala», adierazi du. 

Irati Iciar UEUren Udako Ikastaroen arduraduna. (UEU)
Irati Iciar UEUren Udako Ikastaroen arduraduna. (UEU)

UEUren barruan Udako Ikastaroen papera gure nortasunari jarraipena ematea dela uste du Irati Iciar Madinabeitia ikastaroen arduradunak. «Egia da Udako Ikastaroak UEUrekin batera eta gizartearekin batera asko aldatzen joan direla. Eboluzio bat izan dute», azaldu du.

Eguneroko munduarekin kontaktua mantentzen laguntzen dien jarduera da. Aldi berean, beren jarduera ezagunena da, UEUri nortasuna ematen diona kanpora begira. Bestetik barrura begira egiteko praktika bat ematen die. «Hiru aste intentsu dira. UEUrentzat erakusleiho oso garrantzitsuak dira gaur egun oraindik. Eta elkarlanerako datozen eragile ezberdinek ere horrela ulertzen dute».

Eskaintza interesgarria eta emaitza ona

47. edizioa gaur amaitu da eta balantzea positiboa da. «Alde batetik, eskaintza bera egitea lortu dugulako. Lehenengo erronka hori delako. 30 ikastaro antolatu, 6 jardunaldi sartu. Guztiak ere gaiengatik interesgarriak direlako, antolatzaileengatik, edo ikastaro edo jarduera horren atzean dagoen elkarlanagatik».

Beste erronka bat jendearen erantzuna da. «Horretan ere ona izan da emaitza. Egia da bidean ikastaro batzuk ez direla irten edo ez dutela eduki guk espero genuen parte hartzea. Baina talde politak sortu dira. Tamaina ezberdinetakoak. Arrakasta beti ez da jende asko biltzea, baizik eta jende egokia biltzea. Orduan positiboa izan da parte-hartzearen aldetik eta oso positiboa elkarlanaren aldetik», agertu du.

«'ElkarEkin' leloa ez da kasualitatea eta nik uste dut Udako Ikastaroak direla bereziki UEUren barne elkarrekintza horren eremu naturala. Akademikoki ikastaroak antolatzetik hasita, baita azpiegiturak lortzeko orduan ere. Usurbilen, Baionako Lizeoan edo Ezpeleta jauregian Iruñean. Markeskoa bera ere elkarlan batetik sortutakoa da. Udako Ikastaroetan egia da gorpuztu egiten dela eta benetan ikusgarri bihurtzen dela». Gaurko ikastaroan ondorioztatu dutenez, «maitasuna politikoa den moduan UEUren kasuan elkarlana politikoa da».

Urtez urte elkarlana hazten

Urtetik urtera hazten doa elkarlana. Udako Ikastaroek hori sustatzen dute. «Urte osoko eskaintzak baditu beste ezaugarri batzuk, beste hartzaile batzuk eta beste tempus batzuk. Eta Udako Ikastaroak gure-gureak dira. Gure neurrira, guk nahi dugun moduan antolatzen ditugu. Guk nahi dugunean hasten dira, guk nahi dugunean amaitzen dira. Guk jartzen diogu kolorea, guk jartzen diogu elkarlana». 

Jakinekin eta Usurbilgo Udalarekin hitzarmena

Hiru urteko hitzarmena sinatu zuen UEUk Jakinekin eta Usurbilgo Udalarekin. Aurtengoa da hirugarren urtea eta balorazioa «oso positiboa» da, «batez ere konfiantzazko harreman batetik sortutako hitzarmena izan delako. Ez da bakarrik hiru erakunderen artean egiten dena, baizik eta hiru erakunde horiek elkar aitortzen dugu. Gure papera, gure funtzioa, gure ibilbidea».

«Planetak elkarrekin lotu eta gauza zoragarriak gertatzen diren bezala, horrelako gauza miragarri bat izan da elkarlan hau» Irati Iciarren arabera. Emaitza «oso onak» eman ditu bai akademikoki (liburuak eta bestelako edukiak sortu dira) eta baita partaideen eta jendearen erantzunaren aldetik ere.