NAIZ
Donostia

Euskara haur eta gazteen artean sustatzeko dinamika berria abiatu dute Gipuzkoako udalekuetan

Lakuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara haur eta gazteen artean sustatzeko dinamika berri bat jarri dute martxan, «Mingaina Dantzan» proiektuaren baitan. Astelehen honetan aurkeztu dute fase berria. Zarautz, Hondarribia, Orio eta Segurako udalekuetan jarri dute martxan. 

Donostiako Lakuaren egoitzan egin dute dinamika berriaren aurkezpena.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Donostiako Lakuaren egoitzan egin dute dinamika berriaren aurkezpena.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)

«Mingaina Dantzan» proiektuaren fase berria aurkeztu dute astelehen honetan Lakuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskara haur eta gazteen artean sustatzeko dinamika berria da honakoa eta 2017ko eta 2018ko udan erabilera sustatzeko garatutako estrategia erangikorrak izan dituzte oinarri. Orain, Gipuzkoako Aldundiaren lankidetza baliatuz, ikasitakoa aplikatzen ari dira Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran antolatutako udalekuetan.

Ikerketa soziolinguistikoan oinarritutako proiektu honen bitartez, bi urtez euskara bultzatzeko estrategien eraginkortasuna aztertu da haur eta gazteen udalekuetan, ondorio eta irakaspen zehatzak ateraz.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartu du hitza aurkezpenean eta zehaztu du haurrak eta gazteak direla euskara gehien erabiltzen dutenak, baina hobetzeko tartea dagoenez, bi urte hauetan landu nahi izan dutela zeintzuk diren euskara sustatzeko estrategiarik onenak.

Ikasitako txertatzen

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek, aldiz, ohartarazi du aurreko udalekuetako esperientziak «egoera baldintzatuetan» egin direla, taldeak nahita osatuak izan baitziren, eta beraz, ezinezko iruditzen zaio EAEko udaleku gehienak irizpide horiekin antolatzea.

Horregatik, Zarautz, Hondarribia, Orio eta Segurako ohiko udalekuetan estrategiak txertatzeko «ahalegin berezia» egin da. Bestalde, Zarautzen bertan, Ebete hizkuntza zerbitzuen aholkularitzaren bitartez lanketa berezia egiten ari da. Udaleku guztietako arduradun eta hezitzaileekin lan saioak egin dira estrategiak eta prozedurak lantzeko.

Udaleku hauek astebeteko txandetan antolatzen direlako, 2017 eta 2018an Mundakan eta Berrizen ikasitakoa txertatzeko «lan mardula» eskatzen duela eta zailtasunak aurkitzen dituztela nabarmendu du Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendari Garbiñe Mendizabalek: «Laburregiak dira hizkuntza ohituretan eragiteko».

Dena den, Ebete enpresako arduradunak uste du «emaitza interesgarriak» lortuko direla. Bi helburu zehaztu dituzte: euskararen erabilera indartzea –«ohi baino gehiago erabili dutelako sentsazioa eduki dezaten nahi genuke»– eta euskara bizipen positiboekin lotzea.

Mundaka eta Berrizen landutako estrategiak

«Mingaina Dantzan» proiektua 2017an sortu zen eta bi urtez jarraian, bi udaleku zehatz antolatu zituzten, Mundakan eta Berrizen, hurrenez hurren. Bertan, gazteen eremu soziolinguistikoak kontuan hartu ziren taldea osatzeko orduan eta jakinarazi dutenez, gaztelania nagusi den eremuetako gazteek adierazi zuten inoiz baino euskara gehiago hitz egin zutela egun horietan. Azterketaren arabera, erabilera %75ekoa izan zen.

2018an Berrizen bi txanda egin ziren. Lehenengoan eremua soziolinguistikoak kontuan hartuta osatu zen taldea eta bigarrenean, etxeko hizkuntza oinarri hartuta. Euskararen erabilera handiagoa izan zen lehenengo txandan baina, pertzepzioei dagokionez, bigarren txandako emaitzak hobeak izan ziren.

Esperientzia horiek eta aurtengo udalekuetan txertatu diren estrategiak gida batean jasoko dira. Liburuxka hori edozeinen esku jarriko da eta ahalegin berezi bat egingo da udalekuak antolatzen dituzten erakunde eta elkarte guztiek ezagutu eta erabil dezaten.