NAIZ

Gipuzkoako lurretan lehen pausoak emango ditu gaur EuskaraAbenturak

Arabari agur esan eta datozen lau egunetan Gipuzkoako lurretan ibiliko da euskararen espedizioa. Barnealdeko Donejakue bidea jarraituz Iruneraino helduko da.

Arabari agur esan eta Gipuzkoan barrena da orduotan. (EUSKARABENTURA)
Arabari agur esan eta Gipuzkoan barrena da orduotan. (EUSKARABENTURA)

Araia eta Zerain banatzen dituzten 22 kilometroak osatuko dituzte gaur, espedizio osoko etapa menditsuena eginez. Esfortzua saritzeko, baina, herri-afaria eta kantaldia egingo dute iluntzean Zeraingo herritarrekin batera. Tolosan, Hernanin eta Irunen egingo dituzte geldialdiak datozen egunetan.


Uztailaren 11n sartu ziren EuskarAbenturako kideak Araban. Oinezko kilometrorik gabeko eguna izan zen lehena. Nafarroa mendebaldeko Viana hiri historiko-monumentalean esnatu ziren, eta handik Donemiliaga Kukulara mugitu ziren autobusez. Bertako Yuso monastegia bisitatu zuten bertan baitaukate gordeta orain arte aurkitutako euskarazko esaldi idatzi zaharrenak jasotzen dituen eskuizkribuaren erreplika. Yusotik aterata, berriz ere autobusez, Araba aldera egin zuten, Gesaltzara. Gatzagak bisitatu ostean, herriko igerilekuan eman zituzten arratsaldeko azken orduak eta, eguna borobiltzeko, iluntzean, bertako belardian esterak eta lo-zakuak zabalduta, gora begira, astronomia tailerra egin zuten. Gaua izar azpian eman zuten.


Aurreneko ganorazko etapa arabarra uztailaren 12koa izan zen: Gesaltza – Argantzun.. Argantzun herrira iritsi bezain pronto, Zadorra ibaian freskatu ziren frontoian kanpalekua ezarri eta bazkaldu aurretik. Arratsalde mamitsua zetorkien: Argantzon Ikastola bisitatu zuten lehenik, 2003 urtean 11 umerekin abiatutakoa eta Argantzun nahiz Trebiñu euskalduntzeko lanean segitzen duena. Bisitak, bide batez, Trebiñuko egoera soziolinguistikoa ulertzeko balio izan zien. Ondoren, herriko frontoian, Kolore Guztietako Basoak elkarteko Urtzi Goiti biologo eta EHU/UPVko irakaslearen hitzaldia entzun zuten adi-adi, oihangintzaren ingurukoa eta, oro har, Euskal Herriko baso-paisaiak jasan dituen eta jasaten ari den aldaketen ingurukoa.

Aurrekoekin alderatuta, 13.etapa ezberdina izan zen, izan ere parte hartzaileek gurasoen bisita jaso zutelako. Egunak Argantzunen argitu zuen EuskarAbentura 2019 espedizioan parte hartzen ari diren 121g azteentzat eta eurekin batera bidean aurrera doazen familia urdineko kideentzat ere. Goizean goiz hasi zuten 17 kilometroko etapa, eta Villanueva de la Oca izeneko herrian hartu zuten Donejakue bidearen xenda, kasu honetan kontrako norabidean, Gasteizerantz alegia. Subillana herrian atseden hartu eta berrindartu ostean, Mendizorrotzara arteko azken kilometroak osatu zituzten Segidan, autobusez, Gamarrako igerilekuetara mugitu zen talde osoa. Hango belardian eserita bazkaldu zuten, eta hara iritsi ziren lehen senideak: besarkadaz, musuz, eta gutiziz hornitu zituzten gazteak. Baina bisita laburra zela bazekiten, eta 17:00ak aldera EuskarAbentura 2019 espedizioak bere bidea berrartu zuen. Berriz ere autobusez, gazteak Gasteizko alde zaharreraino mugitu ziren, xerpek prestatutako Ginkana Ekologista gainditzea baitzuten eguneko azken proba. Hiriko puntu batetik bestera galderei erantzunez eta probak gaindituz gazteak mugiarazi zituen ginkana honetan, besteak beste, Zero Zabor eta AHTrik Ez elkarteetako kideak aritu ziren azalpenak eta informazioa ematen.


Arabako azken etapak, uztailaren 14koak, hiriburutik Araiara eraman zituen EuskarAbenturazaleak. Baina trenez egin zuten, eta soilik geltokitik herriko frontoirainoko tartea osatu zuten oinez. Goizean soziolinguistikaz aritu ziren ‘Araba eta euskara, geroz eta errima biziagoa’ izenburupean, EuskarAbentura elkarteko kide diren Ane Pedruzok eta Imanol Zabaletak gidatuta. Arratsaldean, ordea, Iñaki Viñaspre Arabako Bertso Txapelketako irabazlearen bisita jaso zuten eta sekulako saio parte-hartzailea egin zuten hiphop, rap, beat box, dantza eta mota guztietako inprobisazio erakustaldiak konbinatuz. Gainontzekoan, lasai antzean joan zen eguna, biharamuneko etapa gogorrerako indarra gorde nahi baitzuten batzuek eta besteek.