NAIZ

Egogaineko azpikontratazioak gaitzetsi dituzte sindikatuek

Kudeaketa publikoa duen Gipuzkoako azken egoitza da Egogain; mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen ditu. LAB, ELA eta CCOOek deitoratu dutenez, Aldundiak «Pertsona helburu» leloarekin hedabideak «propagandarekin josten» dituen bitartean, «lanpostu pila deuseztatzeaz gain, guztiona den zerbitzua enpresa pribatuen esku uzten ari da».

Egogaineko langileak, protestan. (LAB)
Egogaineko langileak, protestan. (LAB)

LAB, ELA eta CCOOek salaketa oharra kaleratu dute EAJ eta PSE azken agintaldietan Egogain nagusien egoitzarekin egiten ari direna dela-eta. Egogain kudeaketa publikoa duen Gipuzkoako azken egoitza da; menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen ditu. Sindikatuek gaitzetsi dute Aldundiak, lanpostu ugari deuseztatzeaz gain,  «guztiona den zerbitzu publikoa enpresa pribatuen esku» uzten ari dela, «azkenaldian inoiz baino gehiago»: garbitzaileak, 'zaintzaile' izendatzen dituzten erizain laguntzaileak, erizainak, mantenuko langileak, terapiako monitoreak, botika prestatzaileak eta pertsonen garraioaz arduratzen direnak, besteak beste.

Foru instituzioak onartu ez arren, azpikontratazioek zaurgarritasun egoera handienean dauden pertsonei (helduak eta gaixotasun mentalak dituztenak kasu) ematen zaien arretaren kalitatean eragin kaltegarria dute, «enpresa horiek ez baitituzte beraien poltsikoak besterik begiratzen: «Ez dituzte pertsona guztien lanpostuak betetzen, langileak etengabe aldatzen dituzte, lan baldintzak kaskarrak dira, esplotatu egiten dituzte, langileak kaleratzeko beldurrez bizi dira, lanaldi bikoizketekin...».

Berriki Aldundiak Zaintzen enpresa salatu du, ez zuelako senideei agindu zien gaueko erizainaren lanpostua bete hiru egunez. «Erizain lanpostu publikoa kendu zuten, erizaina gauera pasatuko zuten aitzakiarekin, txanda bakoitzean erizain bakarra utziz 166 erabiltzaile artatzeko. Lanpostua amortizatu azpikontratako beste bat sartzeko, hau izan da Aldundiaren jokabidea», deitoratu dute sindikatuek.

Diotenez, ez da egoera isolatua: «Buruko gaixotasun mentalen unitatean ere lehengoz Zaintzen enpresako langileak sartu ditu Aldundiak, Florentino Perezen kontu korrontearen mesedetan».