NAIZ

Gurasoengandik jasandako eraso homofoboa salatuko dute gaur Gasteizen

Gasteizen adingabeko batek gurasoengandik jasandako eraso homofoboa salatuko dute gaur arratsaldean elkarretaratze batekin.

LGTB harrotasun egunaren mobilizazioa Gasteizen. Juanan Ruiz/ FOKU
LGTB harrotasun egunaren mobilizazioa Gasteizen. Juanan Ruiz/ FOKU

Arabako hiriburuan bizi diren guraso batzuei haien semearen zaintza kendu diete, homosexuala izateagatik jo eta mehatxuak egin dizkiotelakoan. Gasteizko epaitegi batek hartu zuen astelehenean zaintza kentzeko erabakia, eta urruntze agindua ezarri die. Aldundiaren esku geratu da 16 urteko mutikoa.

Eraso homofobo honi erantzun eta gazteari elkartasuna helarazteko elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako. Hitzordua Andre Maria Zuriaren Plazan da, 19.00etan. Gasteizko Ekainak 28 koordinakundeak deitu du kontzentrazioa, «Homofobiak ez du tokirik gure kaleetan» lemapean. Mobilizazioarekin «elkartasun guztia bidali nahi diote etxetik bota eta jipoitua izan den gazteari». 

Lumagorri elkarteak ere salatu du eraso homofoboa. Haren aburuz, «familia heteronormatiboa, egitura zisheterosexuala den heinean, gorputz eta desio ez heteronormatiboen infernua izaten jarraitzen du».

Feminista eta antiarrazista den Amar kolektiboak ere erasoa gaitzetsi eta honen aurrean egiten ari den erabilera arrazista salatu du.

Gasteizko alkate Gorka Urtaran alkateak «lotsagarritzat» jo du gertatutakoa.