Naiz
Donostia

Kaydy Cain eta Cecilio G dira Donostikluba festibaleko 14. edizioko kartel buruak

2019-2020ko denboraldiko Dkluba zirkuitoari hasiera emango dion jaialdia urriaren 3tik 5era ospatuko da. Lehenengo eguneko kontzertuak doakoak izango dira, eta beste bi egunetarako sarrerak 12-15 eurotan salduko dituzte.

Gaur goizean aurkeztu dute urriko jaialdiko kartela. (DONOSTIKLUBA)
Gaur goizean aurkeztu dute urriko jaialdiko kartela. (DONOSTIKLUBA)

Donostikluba festibalak 14. edizioa beteko du urriaren 3tik 5era Intxaurrondoko kultur etxean. Honakoak hasiera emango dio 2019-2020 denboraldiko Dkluba zirkuituari.

Jaialdiak duela bi urte erreferentziako jaialdi urbano bihurtzeko hasitako bidean jarraitzen du. Horren baitan trap, hip hop, rock edo independentea bezalako estiloak entzun ahal izango dira.

Hala, urriaren 3an Gaztea Gaua ospatuko dute. Egun honetako kontzertuak doakoak izango dira, eta 20.00etan hasiko dira. Rock-blues estiloa lantzen duen The Young Wait, Belakoko Josu Ximunen talde paraleloa den Lukiek, Gaztea lehiaketaren azken irabazlea izan den Sua eta Estatuko indie folk musika jotzen duen Maren izango dira. Kontzertu hauek doakoak izango dira ahalik eta jende gehien erakartzeko asmoz, eta ospakizun gisara.

Urriaren 4an lehen Trap Gaua antolatuko dute 21.00etan. Hala, Cecilio G edizio honetako kartel buruetako bat, arituko da. Ikonoklasta bat deskribatzen dute trap musikarien artean. Honekin batera SNKT Donostiako periferian sortutako taldea izango da. 12-15 eurotan salduko dituzte sarrerak.

Azken egunean bigarren Trap Gaua egingo dute, ordu, leku eta prezio berean Kaydy Cain eta Duplarekin kontzertuak osatuz. Lehena egungo eszena urbanoko artista zirraragarria da, Pxxr Gvng taldeko partaide ohia. Bigarrena, berriz, Aguranen sortutako taldea da, musika urbanoa egiten duena ukitu elektronikoz bustirik.