NAIZ
MURGIA

Gorbeialdeko biztanleen %60a euskara ulertzeko gai da

Euskararen ulermenari buruzko mapa argitaratu du Gorbeialdeko kuadrillak. Arabako eskualde honetako biztanleen %60a euskara ulertzeko gai dela erakusten du lan honek. Gazteen artean, 35 urtez beherakoen artean, berriz, ezagutza ia erabatekoa da.

Korrika, Murgian barrena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Korrika, Murgian barrena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Euskararen erabilera areagotzeko bidean, garrantzia berezia du oinarriak; alegia, euskararen ulermenak. 2018an egin zen Euskaraldia ekimenak, 2018an egindakoa eta 2020an bigarren edizioa izango duenak, garrantzi berezia eman zion euskararen ulermenaren kulturari; hau da, euskara ulertzeko gaitasunari garrantzia emateari», adierazi du Gorbeialdeko kuadrillak.

«Euskaraz aritu nahi duenak ezinbestekoa du jakitea bere ingurune hurbileko hiztunek euskara ulertzeko duten gaitasuna. Hori da egitasmo honen helburua. Eta Gorbeialdeko Kuadrillan datuak interesgarriak dira: biztanleria osoaren ia %60k du euskara ulertzeko gaitasuna. Horrez gain, 35 urtez beherako ia herritar guztiek ulertzen dute euskaraz gaur egun», nabarmendu du kuadrillak.

Kuadrillako Euskara teknikariak, Manex Agirrek azaldu duenez, «Euskararen Ulermenaren Mapa argitaratuz helburu bat garbi daukagu: jendeari ikusaraztea (agian) uste duena baino aukera gehiago dituela Gorbeialdean, modu orokorrean (ez Aramaion bakarrik) euskaraz lasai aritzeko; batez ere, belaunaldi gazteenekin. Eskualdeko etxe guztietara banatzen ari gara mapa (5.000 ale) eta horrekin herritarrengan erabilerarako pausoa errazteko eta estres linguistikoa gutxitzeko emango dugu».

Esteka honetan maparen xehetasunak ikus daitezke.