Joseba Sarrionandia, bideoz lehen aldiz 34 urtetan

Joseba Sarrionandiak liburu berri baten proiektua aurkeztu du. ‘Canciones de Ray Fernández: El que fuma, bebe y canta’ lanak trobadore kubatarraren abestiak biltzen ditu eta Sarrionandiaren ustez «Kubako gaur eguneko bizimoduaren kronika oso ona da». Lehen aldiz NAIZek jaso duen bideo batean adierazpenak egiten agertu da idazle iurretarra.

Ariane KAMIO|Donostia|17/07/2019 10:54
Loading player...

Ray Fernandez trobalari kubatarraren abestien hitzen bilduma da aitzakia, Aresen ilustrazioekin lagundua doana eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea duena. ‘Canciones de Ray Fernandez: El que fuma, bebe y canta’ du izenburu lanak. Baina iragarpenaren modua da kasuan aipagarriena, lehenengo aldiz 34 urtetan bideoz egin baititu adierazpenak Habanatik Joseba Sarrionandiak berak.

Hain zuzen argitalpenari buruzko hitzak ahoratzen ditu bertan, labur bada ere. Bere ustez, «Kubako gaur eguneko bizimoduaren kronika oso ona da» eta «plazer bat da Ray entzutea, okso dibertidoa, dantzan ipintzen du jendea».

2016ko azaroan egin zuen publiko lehen aldiz bere bizilekua, Habana, eta estreinako aldia izan zen hiru hamarkadaban bere irudi gaurkotua jendaurrean aurkezten zela. Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean duen irakurletzaren gidari izango zela iragarri zen orduan.

Geroztik bakanak izan dira Sarrionandiaren inguruan zabaldu diren argazki gaurkotuak, baina orduztik jakina da iurretarrak nondik sortzen dituen bere lanak. Iragan udazkenean publikatu zuen ‘Habanako gaukaria’ da adibideetako bat, Kubako egunerokoari helduz idatzitako dietario literario eta politikoa.

Ray Fernandezekin elkarlanean

‘Canciones de Ray Fernandez: El que fuma, bebe y canta’ hiru sortzaileren arteko elkarlana da. Fernandezen letrak, batetik, Aristides Hernandez ‘Ares’en marrazkiak, bestetik, eta Sarrionandiaren hitzaurrea, azkenik.

Hirurek bat egin dute kaleetan eta bizitzan, hitzetan eta ametsetan, eta elkartu egin dira ia dantzagarria den liburu horretan.

Liburua argitaratu ahal izateko, Verkami plataforman crowdfunding kanpaina bat jarri da martxan. Helburua Habanara bidaltzeko 500 liburu argitaratzea litzateke, eta horretarako laguntza ekonomikoa beharrezkoa da.

Trobalaria

Ray Fernandez trobalari kubatarra da. Sukaldeak utzi eta, gitarra eskuetan, geldiro, malekoian zehar ibiltzen hasi zen, juglare punk erromantiko baten antzera. Bere abestien hitzak sistemaren aurkako orratzak dira. Bizarduna eta gandorduna, berea kaletik egindako kritika da.

Fernandezek hainbat disko argitaratu ditu Habanan eta birak egin ditu Hego Amerikan eta Europan. Berriki Euskal Herrian izan da zuzeneko hainbat emanaldi eskaintzen.

Bere asteroko hitzordua, ordea, ostegunetakoa da, non bere taldearekin Habanako El Diablo Tun Tun-eko agertoki txikian zuzenean aritzen den. Kaleari, kritikari, fidel.

NOTICIAS RELACIONADAS