NAIZ
Bilbo

Hego Euskal Herriko ekonomiaren bilakaera positiboa nabarmendu du Laboral Kutxak

Laboral Kutxak bere Ikerketa Zerbitzuak prestatu duen 2018ko Euskal Ekonomia Txostenari buruzko aurkezpena egin du eta ondorioztatzen du Hego Euskal Herriko ekonomiaren bilakaera positiboa izan dela, barne produktu gordinak gora egin Duelako eta langabezia tasa %1,3 jaitsi Delako.

Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria eta Joseba Madariaga, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendaria.(Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria eta Joseba Madariaga, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendaria.(Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bilbo eta Iruñean aurkeztu du Laboral Kutxak 2018ko Euskal Ekonomia Txostena eta iazko urtearen bilakaera aztertzeaz gain, etorkizun hurbileko aurreikuspenak ere zehaztu dituzte. Nabarmendu duten ondorio nagusiena da bilakaera positiboa izan dela, Hego Euskal Herrian zein mundu mailan; baina ohartarazi dute datozen urteetan dezelerazio eta desinflazioa protagonista izango direla. Era berean, zorpetze publikoa oso handia dela ohartarazi dute (%3 baino baxuagoa).

2018. urtean barne produktu gordinak %2,8 egin zuen gora EAEn, eta %3,2 Nafarroan. Aurtengo urteko hazkundeari dagokionez, %2,5ekoa aurreikusten dute Hego Euskal Herrian eta 2020an, %2koa «estres testuingururik ezean».

BPGaren gorakadaren ondorioz, lan merkatuaren bilakaera positiboa izan da lau herrialdeetan. Enplegua %2,1 hazi zen EAEn eta ia puntu bat baxuago (%1,2) Nafarroan.

Ekonomiaren bilakaera aztertzeko garaian langabesia tasa izaten da indize garrantzitsuetariko bat eta kasu honetan Laboral Kutxak balorazio positiboa egiten du, Hego Euskal Herrian %10ean kokatzen baita. Estatu espainoleko tasa (%15,3) oraindik altua dela zehazten du baina Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, «poliki-poliki, ohikoak diren balioetara hurbiltzen» ari direla.

Gainera, txostenaren laburpenean jasotzen du eskaintzaren aldetik sektore guztiek balio erantsi gordinaren hazkunde-erregistro positiboak izan dituztela.

Aurreikuspenak

2018an jada dezelerazio igarri da; izan ere, Estatu espainoleko hazkundea 2017an baino %0,4 txikiagoa izan zen. Horregatik, hain zuzen, normaltzat jotzen du datozen urteetan aurreikusten den geldotzea. Ekonomiak hazkunde potentzialeko balioetara jotzea espero da. 

Dena den, egungo indar galeraren arrazoietako bat afera politikoengatik izatea kezkagarria iruditzen zaio, ziurgabetasuna areagotzen baitute. Txostenean zehazten da Erreserba Federalaren azken esku-hartzeen ondorioz diru-politikaren norabide-aldaketa aurreikusten dela: «Erreserba Federalak urtearen bigarren zatian oinarriko 50 puntuko jaitsiera erabakitzea espero da, eta Europako Banku Zentralak gordailu-tasa oinarrizko beste 10 puntu jaistea».

Hortaz, funtsezko ikusten Txinak eta AEBk merkataritza akordioa adostea, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko ituna ordenatua izatea eta «euroguneko politikak sorrerako lankidetzaren eta elkartasunaren balioak berreskuratzea».