«Orain Presoak Tour» bizikleta martxa Luhusotik abiatu da

Sare eta Bagoazek deituta, iaz Mont de Marsanetik abiatu zen bezala, gaur goizean Luhusotik irten da hiru egunez «orain presoen auzia konpontzeko tenorea» dela aldarrikatuko duen bizikleta martxa. 50 txirrindularik eman diote hasiera gaur arratsean Zarautzen amaituko den lehen etapari. Bihar Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldea zeharkatuko dute, eta etzi, Gernikan amaituko da ekitaldi batekin.

Haritz Larrañaga|19/07/2019
Loading player...

Iaz Mont de Marsan eta Zaballa lotu zituen bizikleta martxak, «presoen gerturatzea gauzatzen ari den espetxe bat, eta bide bera jarraitu beharko lukeen espetxe bat lotzeko», azaldu du Inaxio Oiarzabalek. Sareko bozeramaileak agertu duenez, aurten hautatu dituzten bi ikurrek antzekotasun gehiago dute, «Luhuso eta Gernika, elkarbizitza eta bakearen alde gizarteak elkarrekin lan egin dezakeela erakusten duten bi erreferente dira».

Luhusoko plazatik abiatu aitzin, Jean-Noël Etxeberri, Txetx, bake artisauak hartu du hitza. 2016ko abenduan ETAren armagabetzeari lotuta atxilotu zituzten gizarte zibileko bost ordezkarietako bat izan zen Txetx, eta hain zuzen ere gizarte zibilak Ipar Euskal Herrian burutu duen lanari esker panorama politikoa aldatu dela azpimarratu du.

Estatu frantseseko ordezkaritza baten eta Ipar Euskal Herriko delegazioaren artean irekitako elkarrizketa markoari esker euskal presoak Mont de Marsan eta Lanemezango espetxeetara gerturatzen hasi zirela oroitarazi du bake artisauak, baina «norabide onean doazen albisteak izan arren, kontrako norabidean doazen albisteak ere badirela» salatu du. Eta adibide gisara, 29 urte preso daraman Xistor Haranburu presoari baldintzapeko askatasuna ukatu izana, edo Josu Urrutikoetxearen atxiloketa aipatu ditu.

Jarraian, bizikletak ongi prestatu eta eguzkiari aurre egiteko krema potoak hustu ostean, esku zuri baten ikurra duten bakegileen peto urdinak jantzi eta martxan jarri dira 50 txirrindulari. Gaur, Zarautzen amaituko dute lehen etapa, eta bihar, Zarautz eta Lekeitio arteko ibilbidea egingo dute. Igandean amaituko da tourra Gernikan, 12.30tan egingo duten ekitaldi batekin.

 

NOTICIAS RELACIONADAS

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.