Naiz
Kortezubi

Santimamiñen aurkitutako materialen erakusketak eta tailerrak egingo dituzte

Tailerrak eta bisitak antolatuko dituzte asteburu honetan eta hurrengoan. Helburua Santimamiñeko kobak publikoari gerturatzea izango da. Jarduera batzuetan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa izango da.

Jarduerek kobazuloarekin harreman zuzena izango dute. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Jarduerek kobazuloarekin harreman zuzena izango dute. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera bereziak antolatuko ditu datozen bi asteburuetan, Santimamiñeko kobako indusketa arkeologikoak herritarrengana hurbiltzeko. Santimamiñeko lanak foru erakundeak sustatu ditu eta ehun urte baino epe luzeagoan ari dira burutzen.

Horrela, larunbat honetan, uztailaren 20an, EHUko arkeologoa den Maite Garciak silexa lantzeko erakusketa bat egingo du, 20.00etan, era dinamikoan, jendean parte hartzeko aukerarekin Santimamiñen bertan. Jarduerara bertaratuko direnek silexezko tresnak egiteko Historiaurreko teknikak ikasi ahalko dituzte era praktikoan. Hori amaitu ondoren, 21.30etan, ‘La cueva de los sueños olvidados’ filma proiektatuko da zerupean.

Hurrengo larunbatean, hilaren 27an, Santimamiñe eta Bilboko Arkeologia Museoa bisitatu ahal izango dira –San Nikolas plaza izango da topagunea,9.00etan–, kasu honetan Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoaren laguntzarekin. Bertatik abiatuta antolakuntzak prestatuko duen autobusak inskribatu diren pertsonak Santimamiñeko multzo arkeologikora eramango ditu (9 euro jarduera osoa).

Bisita gidatua egin ondoren jardunaldia Arkeologia Museoaren ibilbide komentatu batekin amaituko da; Santimamiñen aurkitu diren materialik adierazgarrienak ikusteko aukera ere izango da museoan. Plazak mugatuak dira eta horregatik derrigorrezkoa da aurrez erreserba egitea.

Igandean Santimamiñen, uztailaren 28an, II. Arte Tailerra egingo da. Lantegian historiaurreko teknika artistiko guztiak birpasatuko dira land art bezalako korronte egunerokoagoetara iritsi arte. Tailerra 7 eta 12 urte arteko umeentzat da, eta 11.30eko eta 13.00etako txandetan garatuko da. Derrigorrezkoa da aurrez erreserba egitea, nahiz eta tailerrak doakoak izango diren.