NAIZ
ELIZONDO

Ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren aldeko elkarretaratzea Elizondon

Magnak Erdizen egin nahi duen harrobia geldiaraztea eskatu dute Elizondon bildu diren herritarrek, ingurumena eta tokiko ekonomia defendatu dutenek.

Elizondon egin duten elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)
Elizondon egin duten elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren aldeko elkarretaratzea egin da gaur Elizondon. Erdiz Bizirik taldeak deitu du mobilizazioa Rouiler multinazionalarena den Magnaren asmoei aurre egiteko. Izan ere, Erdizen harrobia egiteko proiektuaren tramitazioa hasi du. 2008an baztandarrek lortu zuten Erdizen egin nahi duten harrobia geldiaraztea, eta lanean arituko dira orain ere proiektuaren aurka.

Pasa den asteazkenean Arizkunen egindako agerraldian Maria Goienetxek, Jon Elizetxek eta Mikel Sobrinok azaldu zuten zein den gaur egungo egoera eta kritikatu zuten erakundeen jarrera. «Nafarroako Gobernuak uztailaren 5ean, San Fermin besten hasieran, jakinarazi zuen hilabeteko epea irekitzen zuela proiektuari buruzko 'iradokizunak' aurkezteko. Lehengo lepotik burua, hortaz, uda tenorean, herritarrek burua bertze nonbait dutelarik, besten eta oporren aldian, teknikariekin egoteko eta txostenak egiteko tenore makurrean... betiko beren estilo bihurrian», salatu zuten.

Erdizek balio ekologiko handia duela nabarmendu dute, eta «Baztango bazkaleku komunalik handiena» dela adierazi dute. «Urtero lauretan hogei baserri baino gehiagoko aziendak han alhatzen dituzte. Hortaz, tokiko ekonomian alimaleko balioa duen inguruaz ari gara. Magnaren harrobiak, argi eta garbi tokiko ekonomia eta balio handiko ingurua erraustuko lituzke, hogei urtez. Hori da batzuek proposatzen diguten aitzinamendua, ehunka urtetan irain duen ingurune eta ekonomia hogei urteko epean xehatu, hori baita Magnak Erdizi buruz egiten duen aurreikuspena».