Amalur ARTOLA

Antton Elizegiren funtsa hartuko du San Telmo museoak

Antton Elizegik 45.000 artxiboko argazki funtsa eman dio dohaintzan San Telmo museoari. Irudiz irudi, euskal gizartearen erretratua osatzen du Elizegik. Hurrengo urterako erakusketa antolatuko dute material hautatuarekin.

Elizegi, dohaintza izenpetzen. (Oskar MORENO)
Elizegi, dohaintza izenpetzen. (Oskar MORENO)

Antton Elizegi argazkilari gipuzkoarrak (Lasarte-Oria, 1938) bost hamarkadatik gora daramatza euskal gizartea erretratatzen eta gaur goizean sinatu du bere artxiboa, 45.000 irudik baino gehiagok osatzen dutena, San Telmo museoaren eskuetan uzten duen agiria.

Hitz gutxiko agertu da Elizegi eta, berak baino, urte luzeetan berak egindako lanak hitz egitea nahiko lukeela agertarazi du. «Dena esanda daukat argazkietan», argudiatu du.

Orain, museo donostiarraren esku geratzen da Elizegiren diapositiba, negatibo, liburuen maketa eta koaderno sorta, eta horiek katalogatu eta digitalizatzeari ekingo diote. Hurrengo urteari begira, funtsetik hautatutako lanekin Elizegiren obraren gaineko erakusketa monografikoa antolatzekotan direla aurreratu du Susana Soto, San Telmo museoko zuzendariak.

Balio dokumentala

Argazkilari lasartearraren funtsak gordetzen duenaz hitz egin du Sotok: «Balore dokumental handiko funtsa da. 50 urtean zehar gure historiako askotariko alderdiak hartu ditu iruditan Elizegik, burdinolak, erromeriak, lantegiak, artistak… erretratatu ditu, guztia kalitate artistiko handiz. Gure ondarea eraikitzeko oinarrizkoak dira».

Maria Jose Aranzasti arte historialari eta erakusketa komisarioa ere izan da aurkezpenean. Bera izango da Elizegiren dohaintza kudeatu eta hurrengo urtera begirako erakusketa komisariatuko duena. 1954ko ekainaren 17an, bere aitaren Kodak kaxoiarekin ‘Nire arreba Malu’ lehen argazkia atera zuenetik Elizegi argazkilaritzari emana bizi izan dela ekarri du gogora eta, besteren artean, 75an argitaratu zuen ‘Sustraietan’ argazki bilduma edota 1985eko ‘Harriz harri’ bilduma argitaragabea aipatu ditu, baita Chillida edota Oteizaren obrekin egindako lana ere.

Estiloari begira, zuribeltzarekiko interesa nabarmendu du Aranzastik: «Beltz ilun hori, beltza eta txuriaren arteko kontraste handia erabili izana da bere lanaren adierazgarrietako bat. Hala, oso emaitza original eta pertsonalak lortzen ditu», esan du.

Amaitu aurretik, Aranzastik xaxatuta, Arantzazun Oteizaren apostoluak erretratatu zituenekoa kontatu du Elizegik: «Apostoluen serie bat egiteko eskatu zidaten, eta aldamioa beharko nuela esan nien. Igo nintzen aldamiora, egun oso gris batean, eta zomorro horiek nire aurrean ikusita, beldurra ez, baina errespetu handia sentitu nuen, erronka handia zelako niretzat haien parean egotea; gertutik begiratzea ez da urrundik ikustea bezalakoa. Xirimiria hasi zuen eta bustitzen zihoazen heinean urak kontraste ikaragarri ederrak sortzen zituen, liluratuta geratu nintzen. Karretea amaitu arte atera nituen argazkiak».