Haritz Larrañaga

Baionako Auzitegiak ELB zigortu du «administrazioari oztopo egiteagatik» ahate hazleen auzian

Baionako epaitegiak Lataillade familia errugabe jo du, J.M Berho ahate hazleari 300 euroko isuna ezarri dio «biosegurtasun arauak hausteagatik», eta ELB sindikatua,  2.000 euroko isuna ordaintzera zigortu du  «hazkuntza etxaldeen sarrera trabatzeagatik».

Panpi Sainte Marie, ELB sindikatuko ordezkaria Baionako epaitegian. (Guillaume FAUEVEAU)
Panpi Sainte Marie, ELB sindikatuko ordezkaria Baionako epaitegian. (Guillaume FAUEVEAU)

Jean Michel Berho, Lataillade familia (Marc, Florence, eta Alain) eta Panpi Sainte Marie, ELB sindikatuko ordezkariaren kontrako auzian hartutako erabakia kaleratu du Baionako epaitegiak. Laborarien sindikatuari «administrazioaren lana oztopatu izana» egotzi dio auzitegiak, aldiz, ahate hazleak akusazio horretatik libre utzi ditu.

Pasa den ekainaren 18an Baionako auzitegian egin zuten epaiketan, 2.000 euroko isunak eskatu zituen prokuradoreak akusatuetako bakoitzarentzat, 2017ko udaberrian etxaldeetako ahateak hil behar zituzten «osasun zerbitzuen lana oztopatzeagatik». Ordea, auzia aztertu duen epaimahaiak soilik Euskal Herriko Laborarien sindikatuko ordezkaria zigortu du salaketa horregatik.

Jean Michel Berho ahate hazleak ere isuna jaso du, baina beste kasu batengatik. Hortaz, maila pertsonalean, zein enpresa gisa, biosegurtasun arauak ez betetzeagatik, 300 euroko isuna ezarri diote Domintxineko laborariari. Aldiz, Bidaxunen bi etxalde dituzten Lataillade familiako hiru kideak «kargu guztietatik aske» utzi ditu Baionako Auzitegiak.

Haien ahateak hiltzeari uko egiteagatik epaitegi batek kaleratu duen bigarren epaia da gaurkoa eta lehenengoarekin badu antzekotasunik. Iazko udazkenean, Paueko Auzitegiak Kati Xalbagoiti Barkoxeko hazlea errugabetzat jo zuen arren, ELB sindikatua 5.000 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen.