naiz

AHTaren Antzuola-Ezkio tartea amaitutzat eman dute

Lakuako Gobernuak amaiera eman die Euskal Y izenez ezagutzen den AHTaren Gipuzkoako tartea eraikitzeko lanei. Horrela, dagoeneko amaiturik daude Bergara eta Hernani arteko trazatua banatu den 16 tarteek hartzen dituzten 57 kilometroak. Jakinarazi dutenez inbertsioa 1.723 milioi eurotakoa izan da.

Lakuako Gobernuak  Antzuola-Ezkio tartearen zati bat bisitatu du.
Lakuako Gobernuak Antzuola-Ezkio tartearen zati bat bisitatu du.

Antzuola-Ezkio tartea amaitutzat eman ondoren, Astigarragatik Donostiara sartzeko azken tartea eta geltoki berria baino ez dira falta. Azken hau, ETSk irailean lizitatzeko asmoa du. Iñigo Urkullu lehendakariak Antzuola-Ezkio tartearen zati bat bisitatu du gaur goizean, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuarekin, Antonio Aiz, Garraio Sailburuordearekin, eta Aitor Garitano, Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarekin batera.

Lehendakariak esan duenez, Sustapen Ministerioak nahiko balu «berehala hasi ahal izango litzateke trenbidea eta katenaria instalatzen Euskal Y-aren Gipuzkoako tartean, gure ekonomiaren lehiakortasunerako ezinbestekoa den azpiegituran atzerapen gehiago saihesteko». Urkulluren hitzetan, «herritarrek ezin dute atzerapen hori ulertu eta Arku Atlantikoko lurralde guztien garapen sozio-ekonomikoa kaltetzen du».

Urkullu pozik agertu da oso azpiegitura konplexuaren eraikuntza lanetan parte hartu duten ingeniaritza enpresen eta bestelako enpresen ahalmen teknikoa ikusita, izan ere, trazatuaren ezaugarri orografikoen ondorioz, %70 tunel barruan egin da, eta, gainera, paisaia integratzeko esfortzu handia egin da.

Bestetik, Arantxa Tapiak adierazi duenez, «korridore Atlantikoak nazioarteko lotura eskatzen du. Lotura horrek lehentasunezko izaera du Europar Batasunarentzat Europa barruko sareen igarobideak lehen aldiz 90eko hamarkadan ezarri zirenetik. Baina, hala ere, oraindik errealitate izatetik urrun dago», Madrilgo Gobernuaren lana ezbaian jarriz.

Antzuola-Ezkio/Itsaso (Mendebaldea eta Ekialdea) izeneko Euskal Y-aren tarteak Antzuola, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio udalerriak hartzen ditu, Gipuzkoako adarraren barruan, eta 6.946 metro da luze. Horietatik 5.437 metro lur azpitik doaz, Zumarragako tunelak izenekoak barne.