Alberto Matxain

EH Bilduren abstentzioa ulertzeko beste era bat

Abstenitzeko erabakian nik zera ikusten dut: hurrengo urteetarako borroka marko baten hautua.

Alberto_Matxain_aurpegia
Alberto_Matxain_aurpegia

Atzoko inbestidura saioan EH Bildu abstenitu egin zen, ERCrekin batera. Koalizio subiranistaren mezua argia izan zen: «‘Konpromiso antifaxistagatik’ jo genuen atzo ERCrekin adostutako abstentziora: ez zen PSOEren aldeko botoa izan, PPren, Ciudadanosen eta VOXen aurkakoa baizik».

Abstenitzeko erabakian nik zera ikusten dut: hurrengo urteetarako borroka marko baten hautua. Ze borroka zelai nahiago du EH Bilduk hurrengo urteei begira? PSOE-Podemos gutxiengoan eta indar independentistek eragiteko gaitasuna edukitzea? PSOE gutxiengo zabal batekin eta «geometria aldakorra»-ren bidez gobernatzea? PSOE eta eskuineko alderdi baten arteko gobernu bat? Ala eskuineko gobernu bat? Hauteskunde berriak badaude, dena baita posible.

Adibide praktiko bat jarriko dut: presoen esparrua. Sanchezen Gobernuarekin azken urtean lortu diren apurrak Herrirak, Sarek, edo Foro Sozialak erdietsitako adostasun oso zabalei esker lortu dira, baita Ipar Euskal Herriko instituzio zein herri eragileek frantziar Justizia Ministerioarekin irekitako bideak emandako emaitzei esker, eta EPPK-k legalitatearen bidea ibiltzen hasi izanari esker. Apurrak izanda ere, PPren aurreko zazpi urteetan baina gehiago lortu da, Rajoy buru zuen Gobernuak ez baitzuen mugimendu txikiena ere egin. Zentsura mozioarekin eta PSOEren gobernu berriarekin zirrikitu bat ireki zen, aukera-leiho txiki bat. Baldintza hobeak eskaintzen zituen borroka marko bat, alegia. Atzo zapuztu zena, borroka marko posibleen artean onena zen presoen esparruan, zalantzarik gabe. Baita, ziurrenik, beste esparru guztietan ere.

Nafarroari dagokionean, atzoko abstentzioak badu proiekzioa Gobernu osaketa prozesuan: EH Bilduk oraindik ez du erabaki Chiviteren balizko inbestiduraren aurrean zer egingo duen, abstenituz PSNren hautagaia lehendakari izatea ahalbidetu, edo kontra bozkatuz bidea itxi. Eta ematen du iritziak askotarikoak direla EH Bilduren militantzian eta oinarri sozial konprometituenean, PSNk koalizio subiranistarekiko erakutsi duen jarrerak haiengan eragin sakona eduki baitu. Oso ulergarria da, kontuan hartuta Chiviteren alderdiak nafar eskuinari EH Bilduren eskuetan zeuden udal ugari oparitu dizkiola, artean Iruñea, Barañain edo Lizarra, edo PSNk behin eta berriz uko egin diola EH Bildurekin biltzeari.

Nafarroako EH Bilduk behin baino gehiagotan adierazi du erabakia oinarriarekin batera hartuko duela. Eta erabaki beharko duena horixe da: zein da esparru guztietan aurrerapausoak emateko borroka zelairik egokiena, Chiviteren inbestiduran abstenitzea edo arriskuz beteriko hauteskunde berriei aurre egitea. Gerta litekeelako, Estatu mailan bezala, orain dagoen aukera posibleen artean onena izatea. Bere aukera eta arriskuekin.