NAIZ

Maider Zarrabeitia ikerlaria saritu dute sodiozko ionen bateriei buruzko tesiagatik

Maider Zarrabeitia CIC energiGUNEko ikerlariak EHUko Doktoretzako Ezohiko Saria jaso du, sodiozko ionen bateriei buruzko tesiari esker. Orain nazioarteko egonaldia ari da egiten Ulm-eko (Alemania) Helmholtz institutuan. Bertan, energiaren biltegiratzearen arloan erreferentziazko ikerlaria den Stefano Passerinirekin batera ari da ikertzen.

Maider Zarrabeitia, saritutako ikerlari gaztea. (CIC energiGUNE)
Maider Zarrabeitia, saritutako ikerlari gaztea. (CIC energiGUNE)

Maider Zarrabeitia CIC energiGUNEko ikerlariak 2016-17 ikasturteko zientzia esperimentalen alorreko EHUko Doktoretzako Ezohiko Saria jaso du ‘Low and high voltage stability of Na-ion battery materials: study of structural, transport and interfacial properties’ nazioarteko doktoretza tesiari esker.

Bere bikaintasuna dela-eta epaimahaiaren aintzatespena merezi izan duen lana Miguel Angel Muñoz Marquez eta Montse Casas-Cabanas doktoreek gainbegiratu dute. Biak ere CIC energiGUNEko kideak dira.

Une honetan, ikerlari gaztea Ulm-eko Helmholtz Institutuan (HIU) ari da lanean, baterien inguruko ikerketan nazioarteko erreferentzia den Stefano Passerinirekin batera, Doktoretza osteko nazioarteko bere egonaldian.

Aurretik sei hilabete igaro zituen Camerinoko (Italia) Unibertsitatean, eta bertan elektrolito solidoaren interfazea aztertu zuen Francesco Nobili irakaslearekin. 2020an CIC energiGUNEra itzuliko da, Miguel Angel Muñoz Marquez buru duen Interfaze Aurreratuko Azterketa Taldean sartzeko.

CIC energiGUNEk nabarmendu duenez, saria Maider Zarrabeitiari eman izanak, balio akademiko handiko lorpen pertsonala izateaz gain, agerian uzten du zentroak bikaintasunarekin eta aukera berriak eta hobeak sortuko dituzten lankidetzarako eremu aurreratuen etengabeko bilaketarekin duen konpromisoa.

Kasu honetan, euskal zentroak loturak estutu ditu kontinenteko erakunde akademiko garrantzitsuenetako birekin, Alemaniako Helmholtz Institute Ulm (HIU) izenekoarekin eta Italiako Camerinoko Unibertsitatearekin, hain zuzen ere.