NAIZ

Bost salaketa baieztatu ditu Goiak, Donostiako Piraten datuen azpitik

Donostiako Aste Nagusia bukatzear dela, indarkeria matxistaren inguruan Udalak zein Piratek emandako datuek ez dute bat egiten. Eneko Goia alkateak gaur eguerdian ziurtatu duenez, bost salaketa aurkeztu dira zortzi egunotan, larriena asteartean izandako bortxaketa batengatik.

Alderdi Ederren gaur eginiko elkarretaratzean mintzo da Goia. (Donostiako Udala Twitter)
Alderdi Ederren gaur eginiko elkarretaratzean mintzo da Goia. (Donostiako Udala Twitter)

Elkarretaratzea egin du gaur berriz Donostiako Udalak indarkeria matxista gaitzesteko, Alderdi Ederren. Egitarau ofizialak bere azken orduak agortzen dituen honetan, begibistakoa da eraso matxista ugari gertatu dela, baina oso datu ezberdinak erabiltzen dituzte erakundeek eta Donostiako Piratek.

Azken hauek asteazkenean salatu zutenez, asteartean 24 ordu eskasetan sei erasoren berri izan zuten, horietariko bi bortxaketak zirelarik. Donostiako Piraten gunean kokatu zituzten, gainera, baina Udalak ez du bertan bat bera ere aipatzen.

Goia alkateak gaurko elkarretaratzean nabarmendu duenez, bost salaketa baino ez dituzte bildu zortzi egun hauetan zehar. Larriena, asteartean gertatutako bortxaketa batengatik: ustezko egilea, 39 urteko gizon bat, ostegunean atxilotu eta ostiralean espetxeratu dute.

Aipaturiko asteartean arazo bakar baten berri eman zuen Udalak, neska talde baten kontra, Bulebarraren beste aldean. Bi gizonezko atxilotu zituzten horregatik.

Besteei dagokienez, Kontxako hondartzako aldageletan ostiralean jakinarazitakoa ikertzen ari dira (atxiloturik ez dago momentuz) eta Egian jazotako beste eraso bat erantsi du gaur Goiak, baina salaketarik ez dela aurkeztu zehaztuz.

Eraso hauek gaitzetsi ondoren, guztiz ezabatzeko ardura «guztiona» dela eta «elkarrekin» egin behar zaiola aurre esan du alkateak. Eta honen harira, txalotu egin du bi kasuetan «bi gizonek lagundu zituztela erasoa jasan zuten emakumeak».