NAIZ

Amaitutzat eman dute «Langraiz bide»ko Rafael Carideri ezarritako zigorra

«Langraiz bidea» delakoari heldu zion Rafael Caride Simonek gaur sinatu du Martutenen zigorra amaitu dela egiaztatzen duen agiria. Baldintzapeko askatasunean zen duela bi urte. Atxilotua izan zenetik 26 urte pasatu dira. «Langraiz bideak» hiru preso ditu egun.

74 urte dituen Rafael Caride Simonek ez du jada espetxea zapaldu beharko, zigorra amaitua dela gaur bertan sinatu baitu Martutenek, iturri ofizialek baieztatu dutenez.

Duela 26 urte atxilotua izan zen eta 790 urte pilatzen zituzten zigorrak ezarri zizkioten (tartean Hipercorreko atentatuari dagokiona). Azkeneko bi urteak aske eman ditu Caridek, ordea, baldintzapeko askatasuna eman ziotelako, besteak beste ETAk eragindako zenbait biktimekin bildu ostean. Geroztik bakarrik astean behin joan behar zuen Langraizera, eta soilik bertan sinatzeko, beti ere iturri hauen arabera.

Azkeneko hamar urteak eman ditu Langraizen Caride Simonek. Atxiloketa 1993. urtean gertatu zen, Okzitaniako Tolosan, eta Estatu frantsesean zigorra bete ostean 2000an Espainiaratu eta kartzelaratu zuten berriz.

«Langraiz bidea» delakoa hartu zuen Caridek, beste preso gutxi batzurekin batera. Albiste honen harira espetxeko iturriek zehaztu dutenaren arabera, egun hiru preso baino ez ditu biltzen bide horrek: Kepa Pikabea, Ibon Etxezarreta eta Luis Mari Carrasco. Hiruek kalera ateratzeko baimenak dituzte eta soilik tarteka itzultzen dira espetxera lotara.

Etxezarreta da neurri hauek onartarazi dizkioten azken «Langraiz bide»ko presoa. Otsailetik ditu baimen hauek.