Jon Ormazabal

Erraztasunak aprobetxatuta, Altuna-Martijak eraman dute Zarauzko Torneoa (11-22)

Iker Irribarriak oso partida hasiera txarra izan du eta txapeldunek partida erabat hautsi dute 2-15 aurreratuta.

Altuna eta Martija, pozik garaikurrekin Zarautzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Altuna eta Martija, pozik garaikurrekin Zarautzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Jokin Altunak eta Julen Martijak eraman dute Zarauzko Torneoa, finalean Irribarria-Rezustari uste baino askoz errazago irabazita (11-22). Ostiralean finalerdian lan eskerga egin behar izan bazuten, gaurko partidan nahikoa izan dute partida txukun bat jokatu eta aurkariek emandako erraztasunei etekina ateratzen jakitea udako feria hau lehen aldiz irabazteko.

Espero zitekeenaren kontra, partida oso goiz, hasieratik, hautsi da hein handi batean Iker Irribarriak oso gaizki ekin baitio finalari, kantxan kokatu ezinda, errematean asmatu ez eta defentsan ere oso bigun arituta. Rezustak jokatzeko zegoela zirudien, baina bergararra ere nahastu egin da eta aitaren batean 2-15 aurreratu dira urdinak.

Ostiralean baino freskoago, Jokin Altunak ere aurrean dezente asmatu du eta partida berehala hautsi da, nahiz eta azkenaldirako Irribarria-Rezustak markagailua zertxobait, ez asko, txukundu duten.