Haritz Larrañaga

Hasi da G7-EZ! kontragailurra, «Euskal Herritik beste mundu bat sortzen»

Ficoba erakustazokan eman diote hasiera G7-EZ! plataformak eta Alternative G7 plataformek antolatu duten kontragailurrari. Hitzaldi maratoia hastearekin batera, konferentzia gelak betetzen hasi dira.

Luciana Ghiotto feminista argentinarrak hitza hartu du irekiera ekitaldian. Gorka RUBIO / FOKU
Luciana Ghiotto feminista argentinarrak hitza hartu du irekiera ekitaldian. Gorka RUBIO / FOKU

Hiru egunez, munduan ematen ari diren auzi nagusiak jorratuko dituzte jatorri desberdinetako milaka pertsonek, lema nagusiak dioen moduan, «Euskal Herritik beste mundu bat sortzen».

Ateak ireki bezain laster jatorri eta pentsaera anitzetako jendea iristen hasi da Ficobara. Irungo erakustazokan bakarrik egunean ehun laguntzaile behar dituzte eremu guztiek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko. Harreran bisitari bakoitzari dagokion lepokoa eta identifikazio txartelarekin batera, hitzaldien programa eta kontragailurreko eremuen inguruko informazioa banatzen dute.

Goizeko hamarretan egin dute kontragailurraren irekiera ekitaldia. Lehenik, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, G7-EZ! eta Alternative G7! plataformetako ordezkariek hitz egin dute, bisitariei ongi etorria eman eta «jada kontragailurra antolatu eta abian jarri izana lorpen bat» dela nabarmendu dute.

Jarraian, kontragailurreko bizkar hezurra izango diren arloetan lanean ari diren pertsonaia ezagunek hitz egin dute, eta haietako bakoitzak, ikuspegi propioa ikuspegi globalean txertatu du.  Besteak beste, honako ordezkari hauek hitz egin dute: Jose Maria Uria, Gaurgeroa-Duintasuna pentsiodunen elkarteko bozeramaile;, Aita Mari ontziko ordezkari bat; Luciana Ghiotto Hego Amerikako eragile feminista; Mixel Berhokoirigoin, bake artisaua; Geneviève Legay, txaleko horien kontrako oldarraldi batean Nizan Poliziak zauritutako adineko emaztea; eta Johan Riviere, ikasle mugimenduko kidea.

11ak aldera amaitu den irekiera ekitaldian, «kanpaldi on eta kontragailu on» bat opa diete bisitariei eta, jarraian, hitzaldi desberdinetako aretoetako sarreretan ilarak antolatzen hasi dira. Hitzaldi guztiak lau hizkuntzatan eman ahal izateko itulpen zerbitzua ere prest zen, beraz gela bakoitzean sartu aitzin entzungailuak banatzen ari ziren antolakuntzako kideak.

Beren borroken berri ematen duten dozenaka mahai daude Ficobako eremu handi batean eta, han bertan, jatekoa eta edatekoa eskaintzen duten saltokiak ere badaude. Ez da ezer falta Ficoban, ez eta Hendaiako Kaneta auzoan muntatu dituzten eremu Intergalaktikoan eta Gazte gunean ere.