NAIZ

Morroni eta Facal omendu dituzte Hendaian, Filtroko gertaeren 25. urtemugan

Larunbat honetan 25 urte duela, Uruguayko herriak elkartasun olatua altxatu zuen estradizio arriskuan eta gose greban ziren euskal iheslarien alde. Bai eta larrutik ordaindu ere, Fernando Morroni eta Roberto Facal bertan hil zirelako. Gaur oroitu dituzte Hendaian, G7aren testinguruan.

Morroni eta Facalen irudien aurrean, lehenengoaren amaren mezua irakurri da. (Askapena Twitter)
Morroni eta Facalen irudien aurrean, lehenengoaren amaren mezua irakurri da. (Askapena Twitter)

Euskal herritar askoren gogoan bizi-bizirik dago oraindik 1994ko abuztuaren 24an Montevideoko Filtro ospitalaren aurrean gertaturikoa: Josu Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskal iheslariak bertan ziren gose greban, Espainiaratuak izateko arrisku larriari aurre eginez, eta milaka uruguaitarren babesa izan zuten. Polizia bortizki oldartu zen horien guztien kontra, eta segituan Fernando Morroni gaztea hil zuen. Roberto Facalen gorpua ere agertu zen gero, sortu zen nahastean hilik.

Urtemuga ez zaio oharkabean pasa Askapenari, urtero-urtero Montevideon «Filtroko sarraskia» deitzen denaren urtemugan egiten den mobilizazioan parte hartu ohi duelarik. Eta ospakizuna gaur eguerdian Hendaiako portuan egin du, G7aren kontragailurraren testingurua baliatuz.

Bere semearen oroimena harro-harro daraman Norma Morroniren mezua irakurri da bertan. Euskal Herrian egona da Morroni aurretik, eta GARAri 2009. urtean eman zion elkarrizketan haren samina eta amorruaren seinale utzi zuen. Orduan 15 urte betetzen ziren, eta orain jada 25 dira.

Gaurko ekitaldian Joseba Agudo abokatuak hartu du hitza, bai eta Pablo Mejias Coordinadora 24 de Agosto-ko kideak ere, bata zein bestea orduko testingurua gogora ekarri eta Uruguayko herriak egindakoa goraipatu dute.

Morroni eta Facalen irudien aurrean lore sortak jarri eta aurreskua dantzatu dute. ‘‘Dos pueblos, una voz’’ kantuak itxi du omenaldi xume hau.

Askapenaren aburuz, «duela 25 urteko sarraskiak ez du gaurkotasunik galdu, zoritxarrez hau ez baitzen gertakari isolatu bat izan. Gaur egun ere, injustizia, inpunitatea eta eskubide urraketak sistematikoki nonnahi ageri dira. Gurean omenaldiak jazartzen dira, Espainiako eta Frantziako Estatuak gizarte zibila inpunitate osoz jazartzen eredu dira, negoziak agintzen du mundu osoan, gudaz konkistatzen dira merkatu berriak»...