Udaltzainek konpartsakide bat «bortizki jazarri» dutela salatu dute Bilboko Konpartsek

Bilboko Konpartsek asteazken arratsaldean konpartsakide bat «bortizki jazarri» eta 19 orduz atxilotua eduki dutela salatu dute. Komisaldegian ere tratu txarrak jaso dituela gaineratu eta poliziaren «gehiegizko presentziari» egotzi diote gertaera.

NAIZ|25/08/2019 13:35
Konpartsak
Konpartsek antolatutako Free Munipa Tour ekimena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Asteazkenean jazo zen gertaera, konpartsakidea bere 90 urteko amarekin eta semearekin jaigunean zela. Bilboko Konpartsek ohar bidez adierazi dutenez, polizia munizipal batek «telefonoa kendu zion eskuetatik» eta honek, «harrituta», gertatutakoaren gaineko desadostasuna agertu eta uko egin zion udaltzainei sakelekoa emateari. «Haren erantzunaren aurrean, poliziek konpartsakidea jipoitu, arrastaka eroan eta lurrean zegoela eskuburdinak jarri zizkioten».

Konpartsakidea, gaineratu dutenez, 19 orduz eduki dute atxilotuta Miribillako komisaldegian eta harengatik galdezka hurbildu ziren lagunei informazioa ukatu zitzaien: «Inkomunikatuta egon zen bost orduz, tratu txarrak jaso zituen eta jasotako kolpeen ondorioz eragindako minak artatzeko mediku-arreta eskatu arren arratsaldeko seiretatik goizaldeko ordu biak arte ez zuten Deustuko anbulategirai eraman, nahiz eta familiari arratsaldean esan Basurtun zegoela», gaitzetsi dute.

Konpartsakideak kontusio ugari ditu, gaineratu dutenez, eta orain etxean da, «mugitu ezinda, eman zizkioten kolpeen ondorioz».

Gehiegizko presentzia poliziala

Gertakariaren atestatua «uste okerretan» oinarritzen dela ere ziurtatu dute oharrean, eta Mozal Legea oinarri hartuta agintaritzaren aurkako atentatuaren delitua egozten diotela zehaztu. Bi eta lau urteko espetxe zigorra jaso dezake.

Bilboko Konpartsak udaltzainen «gehiegizko presentziari» egozten dio gertakaria: «Polizia haserre ugari dago jaigunean, eta Mozal Legeak uzten duen inpunitate-marginak erabat babes gabe uzten gaitu. Honek, gainera, berebiziko eragina du egoera prekarioan dauden pertsonen kasuetan, kaleko-saltzaileen kasua agerikoena dela», esan dute, aurreko egunetan kale-saltsaileekin izandako tirabirei erreferentzia eginez.

«Inondik inora ez dira onargarriak polizia berri horien jarrera bortitz, harroputz, oldar, haserre eta maskulinitate-eredu inposatzailea duten horiek», gaitzetsi dute, eta polizia kopuru ugariak ez duela segurtasuna bermatzen ekarri dute gogora.

 «Ez dugu inolako muntaia polizialik onartuko. Juan Mari Aburto alkatearen eta Amaia Arregi Segurtasun zinegotziaren aginduak segitu dituzten udaltzainen aldetik pairatzen ari garen jarrera erasokor, biolento, gogor eta neurrigabea onartezina dela azpimarratu nahi dugu beste behin, eta ondorioen kargu har dezatela eskatzen diegu», egin dute eskaria.