Naiz

Elizako ordezkariak eta agintari politikoak, Roger Etchegaray kardinalaren aldeko hiletetan

Roger Etchegaray kardinalaren aldeko hiletak egin dituzte gaur goizean Baionako katedralean. Arratsaldean bere sor herrian, Ezpeletan, emanen diote azken agurra. Vatikanoko eta euskal Elizako ordezkariekin batera agintari politiko anitz bildu dira elizkizunean.

Baionako katedralean hainbat estatu ordezkari eta euskal agintari elkartu dira. (Gullaume FAUVEAU)
Baionako katedralean hainbat estatu ordezkari eta euskal agintari elkartu dira. (Gullaume FAUVEAU)

Roger Etchegaray kardinala iragan asteazkenean hil zen 96 urte zituela. Geroztik bere gorpuaren beilatokia ezarri zuten azken urteetan bere etxea izan zen Kanboko Arditeya egoitzan.

Gaur goizeko 10.30ean Baionako katedralean iragan den elizkizunean Francisco Aita Santuaren mezua irakurri dute, 1922an Ezpeletan jaio eta 1947an apaiztu zen Etchegarayk «eliza unibertsalari» eginiko ekarpena nabarmenduz. Vatikanoa ordezkatuz Dominique Mamberti kardinala bertaratu da Baionara.

Elizako ordezkariekin batera, agintari politiko eta estatu ordezkariak ezarri dira katedralaren aurreko lerroetan. Hala nola, bertan izan dira Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta baita zeremonian hitza hartu duen Barne estatu idazkari Laurent Nuñez ere.

Herri, eskualde, Euskal Herri eta Estatu mailako hautetsiak bertan ziren, baita Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko burua eta EAEko lehendakaria den Iñigo Urkullu ere. Beraien ondoan, besteak beste, Michel Camdessus eseri da. Nazioarteko Diru Funtsaren presidente ohiak 2018ko maiatzaren 4an Arnagan irudikatu zen ETAren zikloaren bukaera markatzeko konferentzian protagonismo berezia izan zuen.

Gatazkaren konponbidean aktore diskretua

Vatikanoan diplomaziarako ardura izanik, Euskal Herriko gatazkan Roger Etchegarayren izena usu izan da aipatua. Hainbat euskal apezpikuren aholkulari funtzioa bete zuen eta hauetako ainitzek egiten zion bisita Erroman.

Gatazkari aterabidea emateko ordezkari politikoekin harremanak izan zituela ere argitaratu izan da behin baino gehiagotan. 2003-2004 urteetan PSOE eta ezker abertzalearen ordezkariekin bildu zen, nahiz eta berak beti ukatu egin zuen bitartekari lanetan jardun izana.

ETAren armagabetze egunean, hots, 2017ko apirilaren 8an, Matteo Zupi kardinal izendaturiko Boloniako artzapezpiku eta San Egidio komunitateko kide ezaguna armagabetzearen bermatzaile gisa izan zen Baionan.

Ekitaldia bukatu bezain laster, Zuppik Roger Etchegaray bizi zen Arditeyara jo nahi izan zuen. «Nik eraman nuen Matteo Zupi Kanbora. Lagun onak ziren», baieztatu du kardinal ezpeletarra hil ondoren Vincent Bru Kanboko auzapez-diputatuak.