NAIZ
DONOSTIA

36ko Gerra Gipuzkoan jasotzen duen erakusketa zabalduko du Koldo Mitxelena zentroak

‘Gerra Zibila Gipuzkoan; Erresistentzia eta Duintasuna’ Antoni Nicolau historialariak komisariatu du, eta zazpi eremu ditu. Erakusketak 36ko Gerraren 80. urteurrenarekin bat egiten du. Irailaren 12an zabalduko da, eta abenduaren 28ra arte egongo da ikusgai Donostiako Koldo Mitxelenan (KM).

36ko Gerrari buruzko erakusketaren aurkezpena. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)
36ko Gerrari buruzko erakusketaren aurkezpena. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Erakusketaren atal nagusietako bat 'Bizitza historiak' delakoa da. Bertan, gertakizun historiko ezagunetan protagonista izan ziren pertsona batzuen bizipenak jasotzen dira: gerraren errealitatearen intrahistoria pertsonala, aski ezezaguna. Bizitza historia horiek objektuen dokumentu euskarri bat ere badute. Ez dira museoko piezak, baina balio sinboliko berezia dute; izan ere, pertsona bati, bizipen bati, bizitza bati pertsonalki eta emozionalki atxikiak daude.

Tailer parte-hartzaile batzuek osatzen dute erakusketa. Metodologia Antoni Nicolau historialari eta komisarioak diseinatu du. Tailer horiek adin desberdinentzako eskaintza didaktiko zabal bat proposatzen dute, eta bisitaldi gidatuak eta jokoak eskaintzen dituzte, historiara beste modu batean gerturatzeko.

Erakusketak irauten dituen hiru hilabeteetan, bertako areto batean ‘Tailer memoriak’ egongo dira. 80. hamarkadan Ingalaterran eginiko ‘History Workshop’–ean oinarritutako jarduerak egingo dira. Profil ezberdinetako zortzi-hamabi pertsonako taldeek parte hartuko dute.

«Tailer hauen helburua memoria partekatzea eta horren bitartez hausnarketa bat egitea da. Nola iritsi zaigu Gerra zibilari buruzko informazioa? Ze burutapen, leku edo objektu datorkigu burura? Galdera ezberdinak egingo dira, beti modu parte-hartzaile batean. Hori guztia kudeatzeko bi dinamizatzaile egongo dira taldearekin une oro. Tailer hauek, gainera, garatzen joango dira eta erakusketa aberastuko dute», azaldu dute antolatzaileek.

Tailerrak hilabetean behin izango dira, hileko azken ostiral eta larunbatetan; arratsaldeko ordutegian ostiraletan, eta goizeko ordutegian larunbatetan.

Proiekzio aretoa

Proiekzio areto bat ere badago, Victoria Eugenia Antzokiko jatorrizko besaulkiekin, hura ere gertakarien lekuko mutu bat izanik. Bertan, EITBk lagatako bi dokumental proiektatuko dira. Erakusketan, orobat, Koldo Mitxelenaren funts propioak erakusten dira: adibidez, garaiko aldizkari eta kartelak.

Erakusketarako ikus-entzunezko bat ekoiztu da. Bertan, sei pertsonaren lekukotzak jasotzen dira. Haiek gertukoen bizitzak gogoratzen dituzte, oroigarri gisa gordetzen duten objektu bat aitzakia hartuta.

Kulturako foru diputatuak erakusketa aurkeztu du gogoraziz «Gipuzkoan ere errepresioa egon zela Gerra Zibilean, handia gainera. Errepublikar legalitatea defendatu zuten pertsonen testigantza grafikoarekin argi utzi nahi du hori erakusketak. Baina, egia esan, gure lurraldean pertsona ugarik babestu zuten altxamendu faxista. Gaur egunera iritsi zaigun narrazio dominanteari aurre eginez, esan behar dena da Gipuzkoa berehala erori zela 1936ko uda hartan faxisten esku. Eibarko fronteak eta Intxortak bakarrik egin zieten aurre frankisten tropei. Erakusketa honek argia jarri nahi du garai hartako mito batzuk desitxuratzeko helburuarekin», adierazi du Denis Itxaso Kultura diputatuak.

Horma bat ere izango da erakusgai, gipuzkoarren 12.000 izen baino gehiagorekin. Gerraren protagonisten izenak dira, lehen aldiz bilduak erakusketa honetarako.

'Gerra Zibila Gipuzkoan; Erresistentzia eta Duintasuna' Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak garatutako erakusketa proiektu bat da.