Bigarrenez jarraian Lekarozera joan da Ordiziako gazta txapelketako sari nagusia

Lekarozko Kortaria gaztandegiarentzat izan da, bigarren urtez jarraian, Ordiziako Idiazabal gazta lehiaketaren sari nagusia. Ondorengo enkantean, Donostiako Beti Jai Berria jatetxeak 9.000 euro ordaindu ditu txapelketa irabazi duen gazta erdiagatik.

NAIZ|11/09/2019 14:06
Gazta
Irabazleak, sariak eskuetan dituztela, gaur Ordizian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kortaria gaztandegiak bigarren aldiz jarraian irabazi du Ordiziako Artzai Gazta Lehiaketako sari nagusia. Bigarren saria etxean geratu da, Joseba Insausti ordiziarrarentzat izan baita. Hirugarren Idiazabalgo Ander Barandiaran sailkatu da, laugarren Eulateko Ricardo Remiro eta bosgarren tokian Elgoibarko Mausitxa gaztandegia.

Guztira 47 gazta aurkeztu dituzte txapelketara, eta horietatik 14 aukeratu dituzte epaimahaikideek, erdiak ketuak eta beste erdiak ketu gabeak. Lehen bost postuetan sailkatu diren guztiak ketuak ziren.

Ondoren egin den enkatean, Donostiako Beti Jai Berria jatetxeak 9.000 euro ordandu ditu irabazle suertatu den gazta erdiagatik, iaz baino 250 euro gehiago.

Errekorra 2014an ezarri zen; orduan 13.000 euro ordaindu zituzten gazta erdiagatik.