NAIZ

Egunero 180 bortxaketa izan ziren Brasilen iaz

Egunean, Brasilen 180 bortxaketa gertatzen dira batezbeste. Iaz, 66.041 bortxaketa izan ziren, orain arteko zifrarik altuena izanik. Hala aditzera eman du Brasilgo Segurtasun Publikoa Forumak txosten batean.

Pasa den abuztuaren 13an Rio de Janeiron Jair Bolsonaroren gobernu ultraeskuindarraren kontra egindako protesta bat. (Mauro PIMENTEL/AFP)
Pasa den abuztuaren 13an Rio de Janeiron Jair Bolsonaroren gobernu ultraeskuindarraren kontra egindako protesta bat. (Mauro PIMENTEL/AFP)

Brasilgo Segurtasun Publikoa Forumak gaur aditzera eman dituen arabera, 2018. urtean 66.041 bortxaketa izan ziren Brasilen, eguneko batezbestekoa 180 izanik. 2017ko datuekin alderatuta, %4,5 igo egin ziren iaz bortxaketa kasuak. Biktiminen %81,8 emakumeak izan ziren eta horietatik %53,8k 14 urte baino gutxiago zuten. Orduro, 14 urte baino gutxiago zuten lau neskato bortxatu zituzten Brasilen.

Kasu gehienetan, lautik hirutan, biktimak egilea ezagutzen zuen. Arrazari dagokionean, %50,9 beltzak ziren biktimak eta %48,5 txuriak.

«Bortxaketei dagokionez, gizarte brasildarra oraindik orain nahiko kontserbadorea dela esan genezake eta askotan biktimari gertatutakoaren errua botatzen diote, indarrean dagoen matxismoaren eta estereotipoen isla izanik», salatu du Forumak txostenean.

Bestalde, feminizidioek ere gora egin zuten. 1.206 erregistratu zituen arestian aipaturiko gobernuz kanpoko erakundeak, 2017an baino %4 gehiago. Hil zituzten emakumeen %61 beltzak izan ziren. Adinari dagokionean, espektroa oso zabala izan zen arren, %28,2k 20 eta 29 urte artean zituzten eta %29,8k 30 eta 39 urte bitartean. Kasuen ia 90%ean, haien bikotekideak edo bikotekide ohiak hil zituen.

Ikerketaren egileek ohartarazi zutenez, feminizidio gehienak harremanaren baitan gertatzeak prebentzio politikak zailtzen ditu, biktimaren eta erasotzailearen artean dagoen menpekotasun harremanagatik eta ikuspegi kontserbadoreagatik.