Naiz
OÑATI

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa asteburuan hasiko da Oñati eta Amasa-Villabonan

Felix Zubiak, Aratz Igartzabalek, Haritz Mujikak, Andoni Mujikak, Amaia Iturriotzek eta Maider Arregik abestuko dute Oñatin. Amasa-Villabonan, berriz, Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor, Odei Lopez eta Maialen Akizu ariko dira.

Aurtengo edizioko irudia. (NAIZ)
Aurtengo edizioko irudia. (NAIZ)

Oñatin eta Amasa-Villabonan izango diren saioekin jokatuko dira asteburu honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen final zortzirenak.

Hain zuzen bihar Oñatiko Santa Ana antzokian izango da saioa, 17.00etan, eta Felix Zubiak, Aratz Igartzabalek, Haritz Mujikak, Andoni Mujikak, Amaia Iturriotzek eta Maider Arregik abestuko dute. Aurkezle lanak Iban Narbaizak egingo ditu, eta Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga izango dira epaimahaikideak. Idazkari lanetan Ane Errazkin ariko da.

Bestalde, igandean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako bigarren saioa izango da, Amasa-Villabonako Gurea antzokian, 17.00etan. Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor, Odei Lopez eta Maialen Akizu ariko dira oholtza gainean, aurkezle lanak Eresti Oiarbide Muruak egingo ditu, eta Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga izango dira epaimahaikide. Idazkari lanetan Gorka Segurola ariko da.

Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira final laurdenetara, eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Final-zortzirenetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta kartzela (bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso).